Zergatik Colorful Friday Donostian?

26/Azaroa/2021 | Albisteak

Badira urte batzuk Black Friday, Estatu Batuetatik datorren tradizioa, ohitura bihurtu dela Donostian. Horregatik erabaki genuen hiriko Bidezko Merkataritza Taldetik Colorful Friday antolatzea.

Kontsumo kontziente eta arduratsuko hainbat ekimen daude Black Friday-ri kontrajartzeko asmoz: no Buying day, Fair Saturday, Giving Tuesday, etab. Gure Colorful Friday ere hausnarketatik abiatuta sortu da eta, Black Friday egunak ezartzen duenaz aldenduz, bestelako logika bat ezartzeko beharretik.

Gure asmoa da gizartea zer eta noiz erosi (edo ez erosi) erabakitzeko beste modu batzuk aurkitzera gonbidatzea. Hau da, aukera anitz, eder, ingurumenarekin arduratsuak eta pertsonekin bidezkoak diren proiektuetan parte hartzera bultzatzen gaituzten moduak bilatu nahi ditugu. Eta bidezko merkataritzako produktuak erostea erabakitzen duzunean, zera egiten duzu.

  1. Egoera ahulean dauden ekoizleentzako aukerak garatu.
  2. Merkataritza-kudeaketan eta -harremanetan antolakundeek duten gardentasuna eta erantzukizuna sustatu.
  3. Bidezko merkataritza-praktikak.
  4. Ekoizleei bidezko ordainketa.
  5. Haurren lanaren eta nahitaezko lanaren aurkako borrokan parte hartu.
  6. Genero-berdintasuna eta elkartzeko askatasuna aldarrikatu.
  7. Lan-baldintza onak sustatu.
  8. Produkzio-antolakundeetan gaitasunak garatu.
  9. Bidezko merkataritza sustatu.
  10. Ingurumena errespetatu.

Donostiako Bidezko Merkataritza Taldetik uste dugu garrantzitsuago dela bidezkoa dena aukeratzea merkeena dena baino, lehia baino hobea lankidetza dela, kutsadura eta xahuketaren aurrean beharrezkoa eta premiazkoa den iraunkortasuna lehenetsi behar dela. Bidezko merkataritzak planetako hainbat txokotako proiektuekin lotzen gaitu Donostian, planetaren eta giza eskubideen zaintzak bidea ireki dezan. Colorful Friday egunaren bidez kontsumo kontziente eta arduratsuko beste proposamen batzuekin ere bat egiten dugu, gure hirian tokiko kontsumoko alternatibekin lotzen gaituena.

Donostiako herritarrak gure hiriko kontsumo kontziente eta arduratsuaren aukerak ezagutzera eta aztertzera animatzen ditugu. Horietako batzuk Saretuz sarearen mapa interaktiboan daude eskuragarri, Donostiako Kontsumo Transformatzailearen Sarean.

Kontsumitzean aldaketa positiboak eginez gero, Donostia eta mundu bidezkoago bat lortzen lagunduko duzu. Eskerrik asko!

Informazio gehiago topa dezakezu Donostiako Bidezko Merkataritzaren taldearen webgunean.