Urtarrilaren 30eko greba orokorra

29/Urtarrila/2020 | Albisteak

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, sindikatuz eta eragile sozialez osatuta dagoena, greba orokorra deitu du urtarrilaren 30ean.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak pentsiodunen mugimenduren deiari erantzunez antolatu du greba hau. Etengabe mobilizazio indartsuak egiten kalean bi urte eman eta gero, jauzi kualitatibo bat emateko beharra planteatu du mugimenduak, borroka justu horren alde beste kolektibo batzuk gehituz. Gaurko pentsiodunei eta
etorkizunekoei, guztioi eragiten digun borroka da pentsio sistema publikoa defendatzea, lan harremanetarako eta babes sozialerako sistema propioa lortzea, 1.080 euroko gutxieneko soldata aldarrikatzea edota eros-ahalmena legez bermatzea.

Gainera, greba honekin prekarietatearekin amaitu eta lan baldintzak duintzeko neurriak hartzeko beharra mahai gainean jarri nahi da. Neurri horien artean daude: lanaldia 35 ordura jaistea, 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea, soldata-arrakala amaitzea nahiz azpikontratazioetan enplegua eta lan-baldintzak bermatzea.

Era berean, egun ukatuak diren eskubide sozialak aitortzea erreklamatzen da, besteak beste, alokairu sozialeko etxebizitzak eskuragai izatea edota menpekotasun egoera guztiei erantzun egokia ematea, zerbitzu sozialen sistema publiko, unibertsal eta doakoaren bidez. Bizitza erdigunean jarriko badugu, ezinbestekoa da zaintza lanak ikusarazi, duindu eta bermatzea.