Zaintzarako eskubide kolektiboaren alde

13/Abendua/2023 | Albisteak, Genero plana

Joan den azaroaren 30ean, SETEM Hego Haizeak bat egin zuen Denon Bizitzak Erdigunean plataformak deitutako Euskal Herriko greba feminista orokorrarekin. Grebarekin bat egin genuenean, zaintza-erregimena kolapsatuta dagoela salatu nahi izan genuen, eta bizitzak erdigunean jarriko dituen zaintza-sistema publiko komunitario baten aldeko urrats berriak ematea eskatu genuen. Honako hauek dira mugimendu feministaren aldarrikapenak

SETEM Hego Haizea elkartetik grebaren egunean egin ziren mobilizazioetan parte hartu genuen eta, Gasteizen, hiriko mugimendu feministarekin elkarlanean aritu ginen arratsaldeko manifestazioan bertan ekintza bat egiteko. Ekintzaren xedea kontsumo kapitalistaren ereduak Iparraldeko zein Hegoaldeko pertsonen bizitzetan dituen ondorio larriak agerian uztea izan zen. “Kontsumo kapitalistak bizitzak suntsitzen ditu” eta “Gu nork zaintzen gaitu?” leloen azpian, eredu horren giza eskubideen urraketak salatu zituen ekintzak.

Mugimendu feministak bultzatutako jardunaldi historiko hau lehen urratsa izan zen, eta SETEM Hego Haizeak zaintzarako eskubide kolektiboa defendatzen eta prozesu hori babesten jarraituko du zaintza sistema publiko, komunitario eta feminista baterantz.

Gora borroka feminista!