Grebara joango gara zaintza eskubide kolektiboaren alde

27/Azaroa/2023 | Albisteak, Genero plana

Azaroaren 30ean, Denon Bizitzak Erdigunean plataformak deitu duen greba feminista orokorra babestuko dugu SETEMen. Jendartea zaintza eskubide kolektiboaren eta zaintza sistema publiko komunitario baten alde borrokatzera dago deituta, eta SETEMen gure jarduera eten egingo dugu egun horretako aldarrikapenetan parte hartzeko. Gasteizen, 18:00etan egingo den manifestazioan ekintza bat egingo du SETEMek, Corte Inglés-aren ondoan. Anima zaitezte parte hartzera!

Gaur egun, zaintza lanak (bizitzak sostengatzeko beharrezkoak diren lan horiek guztiak) ez daude modu justuan banatuta, emakumeon* gain erortzen dira gehienbat eta ez daukate ez aitortza sozialik, ez politikorik, ezta ekonomikorik ere. Horrekin apurtu nahi dugu, gu guztiok bizitza duinak izateko eta zaintzak guztion ardura izan daitezen.

Mugimendu Feministak grebarako egiten dituen aldarrikapenak geure egiten ditugu:
• Zaintza Sistema Publiko Komunitarioa aldarrikatu.
• Zaintza sektoreko lan baldintzak duindu eta babestu.
• Etxeko langileen esplotazioarekin amaitu.
• Lan guztiak banatzeko 30 orduko lan astearen eta zaintzarako denborak bermatu.
• Gutxieneko soldata 1.400 €-tan ezartzea eta 1.080€-ko gutxieneko pentsioa.
• Erroldatzeko eskubidea, agroekologia babestu eta etxebizitza eskubidea bermatu.

Grebari gure atxikimendua emanez exijitzen dugu, bizitzak akabatzen dituen sistema honen aurrean, Euskal Herrian bizitzak erdigunean jarriko dituen zaintza sistema publiko komunitario baten alde urrats berriak eman daitezen eta gure konpromisoa berresten dugu bide horretan lanean jarraitzeko.

Greba babesteko, traola hauek erabiliko ditugu #GrebaFeministaOrokorra #ZaintzaEskubideKolektiboa

Greba feminista orokorrari buruzko informazio guztia HEMEN.