Indarkeria matxistei eta kontsumoari buruzko txirigota feminista Muskizen

05/Urtarrila/2022 | Albisteak

Txirigota batean parte hartu nahiko zenuke? Hala bada, urtarrilean eta otsailean duzu aukera Muskizen. Han txirigota feministak sortzeko prozesu bat abiatuko dugu, kontsumoko indarkeria matxistei buruz abestuko dutenak.

Prozesu horretan, emakume talde batek kontsumoen eta indarkeria matxisten arteko harremanari buruz hausnartuko du, eta harreman horrek sortutako korapiloa askatzen saiatuko da: zenbat aldiz sentitu zara umiliatuta emakumeen gorputzak autoak edo beste produktu batzuk saltzeko erabiltzearen aurrean? Gogoratzen duzu nola sentitzen zaren gustoko dituzun arropa jakin batzuk janzteko lodi samar zaudela? Pentsatu al duzu zer nolako lan-baldintzak dituzten hain merke saltzen duten sasoiko arropa hori egiten duten emakumeek?

Aste batzuetan emakumeak bilduko dira hausnarketa egiteko eta mezu kolektibo bat sortzeko. Espazio bat, non beraien ahots anitzek indarrez beteta proiektatuko diren. Era horretan, txirigota moduan, kontatuko dute zer ikuspegi eta posizio feminista duten egunero agertzen diren indarkeria horien aurrean, ia konturatu gabe agertzen direnak: gure elikadura- eta mugikortasun-ohituretan, etxeko produktuen, ehunen eta kosmetikoen kontsumoan, besteak beste.

Mónica Núñez La Flamencura Todo lo-cura taldeko kideak gidatuko du prozesua, jakinminaz eta alaitasunez. Berak bultzatuko gaitu sortzera, abestera eta, batez ere, kontatzera, ondo edo ez hain ondo abesten dugunak.

Ekintza hau Malvaloka elkartearekin batera abiatuko dugu, Bizkaiko Foru Aldundiaren finantzazioarekin. Sesioak herriko Gaztegunean izango dira eta izena eman behar da Malvalokara idatziz: malvalokataldefeminista@gmail.com helbidera edota sare sozialetara, Facebook edota Instagram.

Txirigotaren helburuak hainbat dira:

  • Indarkeria horiei dagokienez, egungo kontsumo-ereduak gure bizitzan nola eragiten duen hausnartzea.
  • Kontsumo-eredu horretatik ateratzeko aukerak ezagutzea.
  • Salaketa kolektiboa eraikitzea, jolasaren, artearen eta espazio publikoaren okupazioaren bidez.

Animatuko al zara?