Basaurik kontsumo arduratsua sustatuko du bertako saltokietan

08/Azaroa/2021 | Albisteak

SETEMek eta Sagarrak Ekologista Taldeak Basauriko merkataritzari hauspoa emango diogu azaroan, hain zuzen ere, bidezko merkataritzaren eta kontsumo arduratsuaren balioetan oinarritzen diren merkataritza-ekimenetako batzuk ikusaraziz. Horretarako, hainbat laburmetrai eta bisita gidatu bat abiatuko ditugu.

Guztira, lau laburmetrai izango dira, Al Borde Films ekoiztetxe bilbotarrak eginak, eta herriko lau denden eta haien arduradunen istorioak kontatuko dituzte. Pieza bakoitzean jakin ahal izango da gure kontsumoak nola lagun dezakeen errealitatea eraldatzen, baita horrelako saltokiek Basauriko eguneroko bizitzari ematen dioten balioa ere.

Bideo horiek asteartetik, hilak 9, ostiralera arte, hilak 12, zabalduko dira sare sozialen bidez, #ConsumoGusto #AtseginHandiz traolak erabilita, eta SETEMen Youtubeko kanalean ere ikusi ahal izango dira. Bideo bat argitaratuko da egunero, eta guztiak jarduera publiko batean aurkeztuko dira azaroaren 18an, 19: 00etan, Sozial Antzokian. Bertaratzeko, gonbidapena jaso beharko da leihatilan.

Okindegi bat, arrandegi bat, elikagai ekologikoak, bidezko merkataritzakoak eta solteko produktuak saltzen dituen denda bat, eta etxeko janarien establezimendu bat izango dira bideo horien protagonistak, baita SETEMek eta Sagarrak elkarteak azaroaren 26an, 18: 00etan, herritarrei proposatzen dieten ibilbide gidatuaren protagonistak ere. Formulario honen bidez izena eman behar den bisita honetan, merkatariekin zuzenean hitz egin ahal izango da tokiko saltokien eta saltoki alternatiboen garrantziaz eta onuraz.

Hamar urte kontsumo arduratsua sustatzen Basaurin

Jarduera horien helburua da kontsumoak duen botere eraldatzaileaz Basauriko herritarrak kontzientziatzea. Izan ere, tokiko kontsumo alternatiboa, hurbiltasunekoa, ekologikoa eta bidezko merkataritzakoak hainbat onura ekar ditzake gure ingurura. Ekimen honek kontsumo mota hau praktikan jartzeko herriko establezimenduak erakutsiko ditu.

SETEMek eta Sagarrak taldeak hamar urte baino gehiago daramatzate Basaurin elkarlanean, kontsumo arduratsua begirada feminista batetik sustatze aldera. Aurkeztutako jarduerak Basauriko Udalak diruz lagundutako proiektu baten parte dira, eta “Basaurin erosketak atsegin handiz” kanpainaren barruan kokatzen dira. Aurten, Sagarrak elkarteak plastikozko poltsen erabilera murriztu nahi du gure erosketetan.