SETEMek Guatemalan eta El Salvadorren bultzatzen dituen lankidetza-proiektuak ezagutuz

27/Urtarrila/2022 | Albisteak

Ezagutu nahi dituzu gertuagotik Erdialdeko Amerikan abiatzen ditugun garapenerako lankidetzako proiektuak eta bertako elkarte kide batzuk? Guatemala eta El Salvadorreko hiru elkarte kideen lana erakutsiko dugu post honetan, hain zuzen ere, datorren udako elkartasun auzolandegietan bisitatu ahalko dira egitasmoak eta erakundeak. Duela gutxi haiek antolatutako zenbait jardueratan parte hartu dugu. Orain kontatuko dizugu.

Concertación de Mujeres de Suchitoto (El Salvador)

Emakumeen antolakuntza-gune bat da, gatazka armatuaren amaieran sortu zena Suchitoto herrian. Gaur egun, proiektu bat egiten ari gara Bilboko Udalaren laguntzaz, sexu-, ugaltze- eta ekonomia-eskubideak baliatzea sustatzea helburu duena, bai eta genero-indarkeria eta nerabeen haurdunaldia saihestea ere.

Gure azken bisitan zehar, «Del otro lado» izeneko obraren aurkezpenean izan ginen, Apolinario Serrano komunitatean. Obra horren eraginez, hausnarketa egin genuen genero-rolei eta -estereotipoei buruz. Gainera, ekonomia solidarioari buruzko lantegi batean parte hartu genuen San Antonio komunitatean, non kideek beren iritziak partekatu zituzten eta zenbait gairi buruzko ezagutzetan sakondu zuten, esaterako, bidezko merkataritzari, elkarkortasunari eta elikadura-subiranotasunari buruzkoetan.

Cerrón Grande en Suchitoto
Obra de teatro en Suchitoto
Taller sobre conomía social y solidaria
Plaza en Suchitoto

REDES Fundazioa, El Salvador

San Salvadorren kokatutako erakundea da REDES, tokiko eragileei laguntzen diena beren prozesuak bultzatzen, tokiko garapen sozioekonomiko solidarioa sustatze aldera. Donostiako Udalaren funtsei esker, Komunitate Ekintzaileen Elkarteari –ASCER– laguntzen ari gatzaizkio San Vicenteko departamenduan. Azken urtean ASCER lagundu genuen hiru lan-arlotan: ekonomia solidarioko eskolan, nekazaritzako esparruan eta mikrokredituetan.

Zenbait komunitate antolatu bisitatu genituen ekonomia solidarioko eta elikadura-subiranotasuneko esperientziak ezagutzeko. Adriana García ezagutzeko aukera izan genuen, komunitate horietako bateko bizilaguna eta ASCEReko kidea dena. Bere ortua eta hegaztien abeltegia erakutsi zizkigun, zeinak hainbat prestakuntza-prozesutan parte hartuz hobetu dituen. Kontatu zigunez, pandemiaren aro zailenean ekimen horiek egiteari esker, bere familiak elikadura osasuntsua izan zuen eta diru-sarrerak eragin zituen soberakinak toki-mailan salduz.

Emprendimiento de Adriana García
Huerto en
Comunidades emprendedoras
Formaciones

AFEDES, Guatemala

AFEDES Santiago Sacatepéquezen kokatutako erakundea da, maia herriko emakume indigenez osatua, nagusiki, kaqchikeltarrez. Emakumeek, bereziki, emakume indigenek, bizi dituzten desberdintasun eta bazterketako baldintzak hobetu nahi dituzte. AFEDESentzako oso garrantzitsua da herri indigenen eskubideak errespetatzea sustatzea, adibidez, beren elikagaiak ekoizteko, ehunkiak eta arropa maiak eratzeko eta beren hizkuntza hitz egiteko askatasuna eta determinazio askea. Gaur egun, proiektu bat egiten ari gara Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Haiekin batera, «Escuela de Tejidos» Ehunkien Eskolaren jardunaldian parte hartu genuen, Patzun udalerriko Chuinimachicaj herrixkan. Prestakuntza-prozesu horrek, ehuntzearen artea teknikoki irakasteaz gain, hainbat gairi buruzko gogoetarako espazioak eskaini dizkigu, esaterako, herri indigenen historiari eta nortasunari buruz, antzinako ezagutzak berreskuratzearen garrantziari buruz eta arropa maien esanahiari eta emakumeentzako horiek janzteak duen garrantziari buruz.

Soberanía alimentaria
santiago-sacatepequez-guatemala
Mujeres mayas kaqchikeles
Escuela de tejidos mayas
Volcán Pucaya

Gehiago ezagutzeko grinaz geratu bazara, ez egin zalantzarik eta zatoz elkartasun auzolandegietako programari buruz otsailaren 12an Vitoria-Gasteizen egingo dugun aurkezpenera. Begiratu hemen informazio guztia eta eman izena otsailaren 7a baino lehen!