SETEMek Kolonbiako bake prozesuaren aldeko Gasteizko ekitaldi instituzionalean parte hartuko du

28/Iraila/2016 | Noticia

Datorren ostiralean, hilaren 30ean, Gasteizek bake prozesu kolonbiarrari babesa emateko antolatu duen ekitaldira gonbidatu nahi zaitugu. Europa Jauregian izango da hitzordua, non Kolonbiako Gobernuaren eta FARC-en arteko Bake Hitzarmenari babesa emango zaion, 50 urte baino gehiago iraun duen gatazkari amaiera emate aldera. Ekimenak, Colombia-Euskadi, Mugarik Gabe eta SETEM erakundeetatik sortua, ostiralean Gasteizko Udaletxean onartuko den adierazpen instituzionalaren babesa izango du.

Gasteiz Aretoan garatuko da ekitaldia, arratsaldeko 18etatik aurrera. Bertan, bake prozesu kolonbiarra gertutik ezagutzen duen eta gatazken konponbidetan aditua den Carlos Martin Beristainek hitz egingo du. Horrez gain, Gasteizko alkatearen eta Ibagué hiri kolonbiarraren alkatearen elkarren arteko bideokonferentzia ikusi ahalko da. Adierazpen instituzionalaren irakurketarekin amaituko da.

SETEMetik ekitaldian parte-hartu nahi izan dugu hainbat erakunde kolonbiarrekin garatzen ditugun lankidetza egitasmoak direla eta, hain zuzen ere, Mujeres Que Crean, Corporación ecológica y cultural Penca de Sábila, Corporación educativa COMBOS edo Ruta Pacífica de las Mujeres erakundeekin. Zure zain egongo gara!

– Ekitaldiari buruzko informazio gehiago HEMEN

– Ezagutu Ruta Pacífica de las Mujeres HEMEN