Ehunkien industriari etorkizunean hondamendiak saihestuko dizkioten konpromisoak eskatuko ditugu Rana Plazaren urteurrena ospatzeko

21/Apirila/2021 | Albisteak

Apirilaren 24an zortzi urte beteko dira ehunkien industriaren historian bizitako hondamen txarrenetik: milaka pertsona barruan zeudela, Rana Plaza eraikina, ehungintza tailerrak hartzen zuena, eraitsi zen eta, gutxienez, 1.134 hildako egon ziren.

Zortzigarren urteurren honetan, Arropa Garbia Kanpainak gogora ekarriko ditu biktimak eta beren familiak. Aldi berean, ezarri zenetik Bangladeshen bizitzak salbatu dituen programa bakarraren jarraitasuna aldarrikatuko dugu: «Eraikinen segurtasunari buruzko eta suteen aurkako akordioa»; arriskuan dago maiatzaren 31n amaitzen da eta.

Bangladesh hitzarmena, arriskuan.

Rana Plaza erortzearen zorigaitza erabat saihesgarria zen. Zekitenez, ziurra ez zen eraikin batean sartu behar izan ziren langileak. Hilabete-amaiera zen eta soldata galtzearekin mehatxatu zituzten. Haietako batzuk jo zituzten, lanpostuetara itzul zitezen.

Bizia galdu zuten pertsona guztiekin daude gure pentsamenduak aste honetan, bai eta zorigaitz horren ondorio larriak jasaten ari diren guztiekin ere. RanaPlazaNeverAgain.org online plataforma sortu du Arropa Garbia Kanpainak (ingelesez eta bengaleraz dago). Haren bidez, edonork batu ditzake bere mezuak Rana Plazako biktimen kolektiboa oroimenera ekartzeko eta omenaldia egiteko, munduko edozein tokitatik.

Horrez gain, Bangladeshko fabriketan biziak salbatzeko gai izan den programa bakarraren jarraitasuna aldarrikatu nahi da plataformaren bidez: «Eraikinetako segurtasunari buruzko eta suteen aurkako akordioa». Izan ere, datozen 6 asteak ezinbestekoak dira programa horrek esanahia galdu ez dezan.

Nazioarteko kanpaina biziari esker, Rana Plaza gelditu eta zenbait aste geroago, «Eraikinetako segurtasunari buruzko eta suteen aurkako akordioa» ezarri zen Bangladeshen. Legez loteslea den segurtasun-programa gisa egin zen, enpresen neurri boluntarioek zorigaitza saihesteko gai izan ez zirela bistakoa zen eta. Gainera, Bangladeshko fabriketan aurrez gertatu ziren beste zenbait erortze eta sute ere ez zituzten saihestu, eta horien larritasuna gero eta handiagoa zen.

Bangladeshko Akordioa sinatu zuten nazioarteko 200 marka baino gehiagok, eta, haren eraginez, 1600 fabrika baino gehiago ziurragoak dira 2 milioi langilerentzat. Hala ere, programaren arrakastarako eta markek hitza betetzen zutela bermatzeko funtsezkoa izan den kontratu loteslea maiatzaren 31n amaituko da. Gaur egun Akordioaren kide den marka edo txikizkako saltzaile batek ere ez du hitzik eman kide diren markentzako legez loteslea den beste programa bat sinatzeko. Markek, berriz, segurtasun-programaren bertsio arinagoak proposatu dituzte, eta horiek benetako arrisku handia dakarkiote Bangladeshko fabriketako segurtasunari, hura kolokan geratuko baita. Are gehiago, Rana Plazako zorigaitzaren aurreko mailetara itzultzeko arriskua dago.

Bangladeshko eta bertatik kanpoko lan-eskubideentzako sindikatu eta erakundeok legez loteslea den nazioarteko segurtasun-akordio bat eskatzen ari gara.

Gainera, nazioarteko segurtasun-akordio lotesle batek aukera emango luke eredu arrakastatsu hori segurtasun gutxiko arropa-fabrikak dituzten beste herrialde batzuetara eramateko, esaterako, Pakistanera. Marokon –otsailaren 8an 28 pertsona hil ziren arropa-lantegi batean– eta Egipton gertatu berri diren zorigaitzek agerian utzi dute ziurrak ez diren lantoki ugari daudela oraindik industrian eta marken programa boluntarioak alferrikakoak eta ez-nahikoak direla langileen bizitza babesteko.

Zer egin dezakezu zuk?
Biktimak babesteko eta markei presioa egiteko ranaplazaneveragain.org plataformaren bidez mezuak bidaltzeaz gain, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak eta Arropa Garbia Kanpainak proposatzen dugun zuzeneko ekintzan parte hartzera gonbidatzen zaitugu.

Apirilaren 24tik ekainaren 1era arte, arroparen etiketak dendetan beste era batera irakurtzeko eta #RanaPlazaGogoan etiketekin sortutako mezuak zabaltzeko gonbita egiten dizuegu

Informazio gehiago:

  • Rana Plazaren biktimak babesteko mezuak idaztera gonbidatzen zaitugu, Rana Plaza Never Again plataforman.
  • Arropa Garbia Kanpainak eta Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak proposatzen dugun ekintzan parte hartu! IKUSI