Larruzko oinetakoak merkaturatzen dituzten marka gehienek Indiatik inportatzen dute, neurri handiagoan edo txikiagoan. Beste askoren artean, marka hauen kasua da hori: Clarks, Zara, Geox, Diesel, Kickers, Timberland, Calvin Klein, Massimo Dutti, Camper eta H&M. “Aldatu zure zapatak” kanpainak enpresa horietako batzuen arreta egokirako neurriak aztertu zituen, larruen eta oinetakoen hornidura-kateari zegokionez. Ondorioa izan zen marka batzuek ez dakitela zein zurrategik ekoizten duten haien oinetakoak egiteko larrua eta ez direla gai kolektibo ahulenak detektatzeko, hala nola etxetik lan egiten duten pertsonak, halakoei behar bezalako babesa emateko.
Hala ere, lan-eskubideen urraketak fenomeno orokorra dira oraindik ere Indiako larrugintzaren eta oinetakogintzaren industrian, “Larrua uzten dute” txostenaren eta haren fitxa teknikoaren arabera. Urraketa nagusien artean, kasu askotan, Gizarte Segurantzaren prestazioetatik kanpo uzten dira langileak, soldatak ordainsari duin baten mailaz oso azpitik egoten dira, baina aparteko orduak edo destajuko ordainsariaren araberako orduak bolumen handian eginda, eta babesa eta prestakuntza falta dira laneko osasun eta segurtasunerako arriskuen arloan. “Larrua lantzen dugu, eta larruek, oinetakoak egiteko erabiltzen ditugun itsasgarriek zein oinetakoak fabrikatzeko prozesuan erabilitako beste material batzuek botatzen duten usainak zorabioak eragiten dizkigu… ez dugu jateko gogorik eta lo egiteko irrikan egoten gara etxera iritsi orduko”, adierazi du Amburreko oinetako-fabrika batean lan egiten duen emakume batek.
Eta hori guztia gertatzen den testuinguruan ez dago sindikaturik, eta generoaren eta kastaren araberako bazterkeria egiten da. Ia langile guztiak kasta erregistratuetakoak (Scheduled Casts) eta gizartean bazterturiko beste talde batzuetakoak dira. Emakumeak laguntzaileen edo eskuzko josleen postuetara baztertzen dituzte, prestakuntza gutxiko eta soldata txikiko postu batzuetara, alegia.
Gainera, fabriketatik kanpo, milaka emakumek lan egiten dute etxetik zapatak josten. “Zure zapaten atzeko bizitzak” txostenak pertsona horien egoera islatzen du. Emakume horiek etxean loturik daude, gizarteak Indian esleitzen dizkieten etxe-barruko ardurak direla eta, beste herrialde askotan bezala, baina, era berean, bizimodua atera beharrean aurkitzen dira, beren kabuz eta beren familientzat. Haien lan-baldintzak fabriketan baino are gogorragoak dira; izan ere, lan-kontraturik ez dutenez, ez dute lan egin ahal izateko segurtasunik, destajuko prezioak fabriketan baino txikiagoak dira, eta ez dute inolako gizarte-babesik edo osasun-babesik.
Eta hura ez da artisautzako ekoizpena. Emakume horiek ez dute lan egiten familia-lantegi txiki batzuetan, oinetakoak sistema tradizionalaren arabera egiten. Zapata-modeloa, haren neurria eta puntaden tokia zein lan-metodoa fabrikaren aginduen mende daude zeharo. Hala ere, fabrikak ez ditu zuzenean kontratatzen etxeko langileak, azken horiek bitartekarien eskutik lortzen dute lana “Ez dugu bitartekariekin negoziatzerik, lan egin nahi duen eta lan hori benetan behar duen jende asko ezagutzen dutelako. Hartara, errupia bat edo bi gehiago lortze aldera negoziatzen saiatzen banaiz, beste toki batera joango dira … (lana) beste nonbait banatuko dute, eta han norbaitek lan hori egingo du azkenean”, adierazi du Amburren etxetik lan egiten duen emakume batek.
“Aldatu zure zapatak” kanpainak eskatzen du sektoreak neurri egokiak har ditzala, lan duina bermatzeko oinetakoen eta larruen herrialde ekoizle nagusietan, Indian kasu. “Oinetako-markek zuzeneko hornitzaileez harago ikertu behar dute, eta ardurak hartu, haien produktuei loturiko lan-baldintzen gainean, fabriketan, lantegietan zein etxebizitzetan fabrikatuta ere”, adierazi du José Luis Mariñelarenak, kanpainaren Estatu Espainoleko koordinatzaileak.
Egun hauetan, oinetakoak erosterakoan, ez lirateke falta beharko fabrikazio-tokiari eta ekoizpenaren lan-baldintzei buruzko galderak. Herritarrek, horrela, mezua helarazi ahalko diote industriari, kontsumoan gai horiek duten garrantziaren inguruan, eta babesa eman diezaiekete, orobat, “Aldatu zure zapatak” kanpainaren eskakizunei, oinetakogintza-industria etikoa, jasangarria eta gardena lortzeko.