Urrian, SETEM Hego Haizea erakundeko hiru kide Ekuadorren izan ziren hainbat astez, Mujeres de Frente, Acción Ecológica, Fundación Maquita eta Grupo Social FEPP bisitatzeko jarraipen-bidai batean. Bigarren kronika honetan, Acción Ecológica taldearen lana gertuagotik ezagutuko dugu.
Urriaren 2an, SETEM Hego Haizeko hiru kide iritsi ziren Ekuadorrera: Laura Marcaida Larrauri, nazioarteko lankidetza teknikaria Chiapasen (Mexiko); Maider Arnaiz Igartua, nazioarteko lankidetza teknikaria Gasteizen (EAE); eta Ania Saenz de Buruaga Fernandez de Gobeo, boluntarioa eta zuzendaritza batzordeko kidea.
Laura, Maider eta Ania Ekuadorko geografiako hainbat puntutan izan ziren urriko lehen hiru asteetan zehar, gure aliatuekin batera garatzen ditugun garapen proiektuen jarraipena egiteko —Mujeres de Frente (urriaren 3tik 5era), Acción Ecológica (urriaren 7tik 9ra), Fundación Maquita (urriaren 10etik 15era) eta Grupo Social FEPP (urriaren 16tik 18ra)—, gure estrategiak eta lan-ildoak partekatzen dituzten erakunde horiek bisitatzeko eta haiekin ditugun harremanak sendotzeko.
Gainera, urriaren 11tik 13ra bitarteko asteburuan, Amazonia bisitatzeko aukera ere izan zuten, Shandía – Turismo Zentro Komunitarioaren eskutik. Bertako kitxua komunitatearen proiektua da, eta Maquita Fundazioaren bidezko merkataritza sarearen parte da.
Honako lotura hauetan, jarraipen-bidaiaren kronika guztiak dituzue ikusgai:
- Lehenengo bisita: Mujeres de Frente (urriaren 3tik 5era)
- Bigarren bisita: Acción Ecológica (urriaren 7tik 9ra)
- Hirugarren bisita: Fundación Maquita (urriaren 10etik 15era)
- Laugarren bisita: Grupo Social FEPP (urriaren 16tik 18ra)
BIDAIAREN EGUNKARIA
Bigarren bisita: ACCIÓN ECOLÓGICA | Urriak 7, 8 eta 9
Urriak 7, astelehena
Goizean goiz, Acción Ecológicako kideekin eta Quito Sin Minería kanpaina babestu zuten gazteekin batera, Quitoko ipar-mendebaldera abiatu ginen, Chocó Andino bioeskualdeko lur ikusgarriak ezagutzeko. Eskualde hori, bere biodibertsitate ikusgarria dela eta, munduko hotspot biologiko garrantzitsuenetako bat da. Hala ere, zoritxarrez, 20 urte baino gehiago daramatza metalezko meatzaritzaren kalte larriak pairatzen.
Ibilbidean zehar, 2023ko abuztuan egin zen herri kontsultari buruz hitz egin genuen. Kontsulta horren helburua Chocó Andino bioeskualdean meatze esplorazioa eta -ustiapena debekatzea zen. Kontsulta Quito Sin Minería kanpainak bultzatu zuen. Kanpaina horrek hainbat erakunde biltzen ditu, besteak beste, Acción Ecológica; eta SETEM Hego Haizearen babesa izan zuen. Emaitza oso arrakastatsua izan zen: herritarren % 68k baiezkoaren alde bozkatu zuten, eskualdea meatzaritzaren aurka babestuz.
Sorpresa atsegina izan zen bidean gelditu izana, Pahuma erreserban ibilaldi bat egiteko. Bertako ur jauzietan bainu freskagarri bat hartu ahal izan genuen. Aho zabalik eta energiaz beteta utzi gintuen leku hark.
Azkenik, Santa Teresita komunitatera iritsi ginen, Pacto parrokiara, eta doña Mery eta don Gustavo etxean bildu ginen. Bertan, panela organikoa ekoizten eta merkaturatzen aritzen diren familiak ezagutu genituen. Chifle eta canguilez lagundutako palmitozko zebitxe zoragarriaz gozatzen ari ginela, Fronte Antimineroak egiten duen lanaren berri eman ziguten. 2020az geroztik ari dira meatzaritzaren hedapenari eusten, bideak blokeatuz, ekintza juridikoen bidez, etengabeko zaintzaren bidez eta beste erresistentzia-neurri batzuen bidez; izan ere, meatzaritzaren aurrerapenak haien baliabide naturalak mehatxatzen ditu, baita haien bizitzak eta bizirauteko bitartekoak ere.
Esker ona adierazi ziguten bakarrik ez daudela jakiteagatik; izan ere, SETEM HH bezalako erakundeek, urrutitik bada ere, beren erresistentzia prozesuak babesten eta laguntzen dituzte.









Urriak 8, asteartea
Intillacta erreserban esnatu ginen, Nanegalito parrokian. Bere bidezidorretan zehar gindoazela, Inty Arcosek azaldu zigun 2014. urtean Pacto, Gualea, Nanegal, Nanegalito, Nono eta Calacalí parrokietako gobernu autonomo deszentralizatuek Chocó Andino Mankomunitatea osatu zutela. Aliantza horren helburua da eskualdearen kontserbazio ekologikorako ahaleginak koordinatzea eta ekoizpen-garapen iraunkorra sustatzea; lurralde horiek, meatzaritzaren mehatxupean ez ezik, enpresa hidroelektrikoek dituzten emakiden mehatxupean ere badaude.
Egoera horri aurre egiteko, epe luzeko prozesuak bultzatzen ari dira gai garrantzitsuak jorratzeko, hala nola hezkuntza, osasuna eta genero berdintasuna hobetzea, lurraldean bizi diren pertsonen bizi kalitatea hobetze aldera. Berak oso argi du: «Ekosistemak degradatzen badira, gizartea ere degradatzen da». Beraz, lehengoratze lana giza balioekin eta harremanekin hasi behar da.
Ondoren, Nina Duarterekin hitz egiteko aukera izan genuen, eta globalizazioak landare espezie gehienak ikusezin bihurtzen dituela azaldu zigun. Ekuadorren dauden Elikadura Landare Ez Konbentizonalen berri eman zigun, merkatuetan eskuragarri egon ohi ez diren baina nortasun kulturala eta elikadura subiranotasuna sustatzeko aukera eskaintzen duten landareak. Aniztasuna besarkatzera bultzatu gintuen, funtsezkoa baita lurraldeen eta bertan bizi diren pertsonen erresilientziarako.
Eguna sentimendu kontrajarriekin amaitu genuen: alde batetik, eskualdearen mehatxu larrien aurreko beldurra; bestetik, tokiko komunitateak egiten ari diren prozesuek, eta horien lorpenek, itxaropena sentiarazi ziguten.

















Urriak 9, asteazkena
Acción Ecológicako taldeak bere egoitzan, Quiton, hartu gintuen. Hiri barruan, naturaz betetako espazioa da egoitza. Bertako horma-irudi, argazki eta eranskailuetan erakundearen 30 urte baino gehiagoko historia dago islatuta.
Egoitza ikusi eta lankide guztiak ezagutu ondoren, Acción Ecológicako, Quito Sin Minería kanpainako eta Saramanta Warmikuna (artoaren alabak) kanpainako kideekin bildu ginen. Azken hori nazio mailan natura defendatzen duten emakumeen artikulazio bat da, eta bertan parte-hartzaileek esperientziak trukatzeko, elkartzeko eta estrategia bateratuak definitzeko aukera dute, beren herri eta komunitateetako bizitzaren eta justizia sozialaren alde borrokatzeko. Bileran, elkarrekin egiten ari garen lana, abian ditugun proiektuak eta estrategiak baloratu genituen. Oso pozgarria izan zen egiaztatzea erakunde guztiak norabide berean goazela, bizitza suntsitzen duen garapen eredu harrapakari baten hedapena geldiarazteko asmoz. Ekuadorko janari tipikoa bazkaltzeko eta lankide guztiekin espazio informalago bat partekatzeko atsedentxo bat egin genuen, eta horrek hobeto elkar ezagutzea ahalbidetu zuen.
Egunkari hau amaitzeko, garrantzitsua iruditzen zaigu azpimarratzea ere egun hauetan ikasi dugula zein funtsezkoa den ospakizuna Acción Ecológicaren lan eta borroka filosofiaren barruan. Ospakizunak, komunitate eta erakundeen arteko loturak sendotzeaz gain, ingurumena eta justizia soziala defendatzeko konpromisoa ere berritzen du. Erresistentzian poza aurkitzeko duten modua inspirazioa da guretzat, eta gustura jarraituko genuke haiekin ospatzen.

















