Balio Faktoriaren 2024/2025 ikasturtea martxan, Carlos Taibo eta Celeste Agüeroren eskutik

27/Iraila/2024 | Albisteak, Factoría de Valores

Asteazkenean, irailaren 25ean, Carlos Taibo idazle eta irakasleak eta Celeste Agüero kantari eta olerki-xuxurlariak hasiera eman zioten SETEM Hego Haizearen formakuntza eraldatzaileko programari, Eva Forest Liburutopian egindako hitzaldi-kontzertu jendetsu batekin.

«Erresistentzia doinuak: gakoak eta proposamenak zalantzazko etorkizun baten aurrean» izeneko hitzaldian, gure egunerokoan alternatiba eta etorkizun posibleak eraikitzen laguntzen diguten gako eta proposamen zehatzak aztertu zituen Carlos Taibo idazle, editore eta 30 urtez Madrilgo Unibertsitate Autonomoan Zientzia Politikoko irakasleak, kolapso orokorreko egoera baten aurrean: krisi energetikoa, gerrak, baliabideen agortzea, ziurgabetasuna…

Bestalde, Celeste Agüero jatorri argentinarreko migrante, kantari, irakasle, esatari eta olerki-xuxurlariak jarri zuen ekitaldiaren soinu-banda. Kantu eta poesiaren bidez, Agüerok gure herrietako borrokak eta sentipenak aldarrikatzen ditu, cuatro llanero izeneko bere musika tresnarekin Abya Yala eta Euskal Herriko egileen errepertorio anitza interpretatuz.

SETEM Hego Haizetik, Carlos Taibo eta Celeste Agüerori gure eskerrik beroenak helarazi nahi dizkiegu gure gonbidapena onartzeagatik. Eta, halaber, eskerrak eman nahi dizkiogu Eva Forest Liburutopiari. Gasteizko Alde Zaharrean dagoen liburu-denda eta kafetegi berri honek (Santa Maria kantoia, 4) urtebeteko ibilbidea egingo du laster, eta, lehen aldiz, SETEMekin elkarlanean aritu da ekitaldi hau posible egiteko.


Balio Faktoriaren 2024/2025 ikasturtea

Hitzaldi-kontzertu honekin, Balio Faktoriaren 2024/2025 ikasturtea inauguratu dugu. SETEM Hego Haizearen formakuntza eraldatzailerako programaren VIII. edizioa maiatzera arte garatuko da, eta kontsumo kritiko, arduratsu eta eraldatzailearen inguruko topaketak, tailerrak eta ikastaroak eskainiko ditu.

Gainera, urtero bezala, taldean egindako formakuntza prozesu baten ostean, 2025eko udako Elkartasun Auzolandegiek Latinoamerikara bidaiatzeko eta garapen proiektuak bertatik bertara ezagutzeko aukera eskainiko dute, El Salvador, Guatemala, Mexiko (Chiapas), Ekuador eta Kolonbian SETEMekin elkarlanean aritzen diren tokiko erakundeekin lankidetzan. Izena aurrez emateko epea martxan dago eta epea otsailean itxiko da; dagoeneko izena eman dezakezu, konpromisorik gabe, informazioa jasotzen joateko.

Oraingoz, hilabete bakoitzeko gai nagusiak zehaztuta daude, eta programazioari buruzko xehetasun gehiago ematen joango gara Balio Faktoriaren webgunean. Hona hemen aurrerapen txiki bat: