SETEM Hego Haizeak bat egiten dugu datorren martxoaren 8rako, Emakumeen Nazioarteko Egunerako, deitutako mobilizazioekin, eta horietan aktiboki parte hartzeko deia egiten dugu. «Faxismoaren kontra ausardia eta aliantza feministak» lelopean, Euskal Herriko Mugimendu Feministak manifestazioak deitu ditu euskal hiriburuetan eta Euskal Herriko hainbat puntutan.

SETEM, gainera, Gasteizko manifestazioaren txoko batean egongo da. Kontsumoa eta sistema ekonomiko globala emakumeen eta gorputz disidenteen aurkako indarkeriarekin eta klase, arraza eta lurraldeko desberdintasunekin lotuta daudela agerian utziko duen ekintza bat izango da.
Hemendik eskerrak eman nahi dizkiogu Gasteizko mugimendu feministari ekintza honetan parte hartzeko gune hau eskaintzeagatik, mugimendu sozial gehiagorekin batera.

Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak
Mugimendu feministak ohartarazi duenez, desberdintasunek bere horretan diraute, eta aurten arreta jartzen dute eskuin muturraren, faxismoaren eta hainbat eremu eta sektoretako jarrera erreakzionarioen gorakadan. Ezkerreko sektore batzuetan ere agertzen dira jarrera horiek, feminismoarekin kontrakotasuna erakusten ari direnak, eta, aldi berean, diskurtso arrazistak ugaritzen ari dira.
“Aipatutako guztiak emakume*, trans eta bolleroak zapaltzen ditu batez ere, sistema zisheteropatriarkal kapitalista kolonial eta arrazista sostengatzeko ezinbestekoak diren harremanak eta ideiak sortzen eta hedatzen baitituzte”, adierazi du mugimendu feministak, eta jarrera belizistek hartutako indarraz ere ohartarazi du.
2025eko martxoaren 8a, beraz, feminismoa olatu erreakzionarioaren aurrean aldarrikatzeko eguna izango da, eta oraingo honetan hiru zapalkuntza-ardatz nabarmentzen dira: indarkeria matxista, krisi ekosoziala eta egungo sistema arrazista eta koloniala iraunarazten duten migrazio-politikak.
“Segi dezagun aliantzak eraikitzen oldarraldiz beteriko garai hauetan. Elkartu gaitezen, saretu gaitezen herriz herri eta asanbladaz asanblada. Batu ditzagun indarrak herri eta jendarte feminista bat eraikitzera bidean”. 8M honetako manifestuak dioen bezala: “Konponbidearen parte ez bazara, arazoaren parte zara”.
Gora borroka feminista!