K’inal Antsetik elkarteko Marla Gutierrezen bisitak Chiapas eta Euskal Herriko emakumeen arteko zubiak sendotu ditu

25/Urria/2024 | Albisteak, Cooperación, Factoría de Valores, Genero plana

Muskiz eta Gasteizera egindako bisitan, Marlak SETEM Hego Haizea, Malvaloka, Ikusgune eta Hala Bedirekin partekatu ditu Chiapasko egungo egoerari, eskubideen eta lurraldearen defentsari, eta bi lurraldeetako lesbofeminismoaren memoriari, orainari eta etorkizunari buruzko gogoetak.

Urrian, Balio Faktoriaren ardatza Marla Gutierrez «artibista» (artista-aktibista) lesbianaren bisita izan da. Mexiko Hirikoa bada ere, ia 30 urtez San Cristobal de las Casas hirian (Chiapas) bizi izan da. Gaur egun, K’inal Antsetik erakundearekin lan egiten du; elkarte hori SETEM Hego Haizearen aliatua da.

«Chiapasko ahotsak: emakume indigenak borrokan beren eskubideen alde» biraren barruan, Marlak bi solasaldi eskaini ditu: asteartean, Muskizen (Bizkaia); eta ostegunean, Gasteizen (Araba).

Eskubideen eta lurraldearen defentsa

Lehen topaketa urriaren 22an, asteartean, izan zen, Muskizko Kultur Etxean. «K’inal Antsetik-eko emakume indigenen borrokak. Eskubideen eta lurraldearen defentsa Chiapasen» izenburupean, Marla Gutierrezek K’inal Antsetik («emakumeen lurraldea», maia tzotzil hizkuntzan) erakundearen lanaren berri eman zuen. Elkarte horrek hamarkadak daramatza emakume indigenei laguntzen, beren antolakundeak eta lidergoak indartzeko, bai eta beste hainbat arlotan ere: hala nola, indarkeria matxistaren kasuak jatorrizko hizkuntzetan artatzea, Lurraldearen Zaindarien Sareak sortzea, edo emakume artisauen kooperatibak babestea.

Jarduera Muskizko Udalaren Berdintasun Arloarekin batera antolatu zen, eta Muskizko Malvaloka elkarte feministako kideen laguntza eta parte-hartzea ere izan zuen.

SETEMekin bilera eta elkarrizketa Hala Bedi irratian

Gasteizera egindako bisita aprobetxatuz, Hala Bedi irratiko Suelta la Olla magazinak Marlarekin hitz egin ahal izan zuen, besteak beste, Mexikoko indigenen borrokei buruz, Chiapasko egungo egoerari buruz, eskubideen eta lurraldearen defentsari buruz, eta Arabako eta Chiapasko lesbofeminismoari buruz.

Gainera, Arabako hiriburuan zegoen bitartean, Marla Las Maris-ekin bildu zen, hausnarketak eta estrategiak elkarbanatuz. Emakumez osatutako lantalde hori Sugara Prozesua dinamizatzeaz arduratzen da, SETEM Hego Haizearen Genero Berdintasunaren aldeko III. Planean oinarrituta. Plan horrek erakundea eraldatzen jarraitzeko helburua du, ikuspegi feminista intersekzional batetik.

Lesbofeminismoa Araban eta Chiapasen

Bestalde, bigarren solasaldia urriaren 24an izan zen, ostegunean, Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiaren lokalean, Pintore kaleko 47. zenbakian, «Harrotasuna mugen gainetik: lesbofeminismoa Araban eta Chiapasen» izenburupean.

Topaketa hau oso berezia izan da. Izan ere, 2015ean, «Identitate lesbikoak, mugen gainetik» proiektuak bi lurraldeetako emakume lesbianen arteko zubiak eraiki zituen, istorioak, bizipenak eta kontakizunak partekatuz. Horiek guztiak argitalpen batean, dokumental batean eta PikaraLab batean islatu ziren. Orain, ia hamarkada bat beranduago, bisita honek lehen topaketa hura sendotu du, baita eguneratu ere.

Marla Gutierrezek berak eta Klaudia Ugartek (Ikusgune) esperientzia hura ezagutzera eman zuten, eta azken urteotan, itxuraz hain desberdinak diren testuinguruetan, lesbofeministen bizitzak eta borrokak nola aldatu diren aztertu zuten. Horrez gain, etorkizuneko estrategiak eta perspektibak ere partekatuko zituzten bertaratutako lagunekin.

Nor da Marla Gutiérrez?

Marla Gutiérrez «artibista» (artista-aktibista) lesbiana da. Mexiko Hirikoa da, baina azken 30 urteetan San Cristobal de las Casas (Chiapas) hirian bizi izan da.

Bertako mugimendu feministan, besteak beste, hamar urte eman ditu La Casa de la Luna Creciente Kultur Zentro Feminista koordinatzen. Halaber, 80ko eta 90eko hamarkadetan Chiapasko emakumeen mugimenduan emakume lesbianek izan zuten parte-hartzea kontatzen duten zenbait bideo zuzendu ditu.

Gaur egun, K’inal Antsetik elkartearekin lan egiten du, CEFOCAMen, Jolom Mayaetik («ehule maiak», tzotzil hizkuntzan) emakume indigenen ehungintza kooperatibaren eta RECOSUR Hegoaldeko Kooperatiben Sarearen ekoizpen-prozesuetan lagunduz. Bidezko merkataritza sustatzen du bertan, justizia ekonomikoa eta soziala sustatzeko.

2008az geroztik, emakume artisauen kultura-ondarearen eta beren diseinuen gaineko jabetza intelektualaren defentsari buruzko elkarrizketak bultzatu ditu, egiletza eta antzinako herentzia hori errespetatzea sustatzen duten lankidetza-hitzarmenak sortuz.

K’inal Antsetik, emakumeen lurraldea

1995. urteaz geroztik, K’inal Antsetik elkarte zibilak emakumeen erakundeak eta lidergoak indartzen lan egiten du, prestakuntza eta trebakuntza prozesuen bidez, emakumeek beren komunitateetako bizitza sozial, ekonomiko, politiko eta kulturalean rol protagonikoa izan dezaten, eta, aldi berean, haietan jokatzen duten genero-rol tradizionala eralda dezaten.

Nazioarteko lankidetzari dagokionez, SETEM Hego Haizeak erakunde horren proiektu ugaritan parte hartu du: besteak beste, emakume lesbiana indigenen eskubideen alde, agroekologian edo prestakuntza eta trebakuntza zentro baten garapenean. Zentro horrek hainbat arlo biltzen ditu: ekoizpena, ehungintza, osasuna eta komunikazioa.