«Denera iritsi ezinaren» aurrean, lan politika feminista

09/Apirila/2024 | Albisteak, Genero plana

SETEM Hego Haizeak, Euskadiko GGKEen Koordinakundeak, Mugarik Gabek, Colectiva XXK kolektiboak eta REAS Euskadik 10 printzipio eta 20 akordio proposatu dituzte pertsona guztien bizitza erdigunean jarriko duen lan politika definitzeko.

Posible al da lan politika feminista eraikitzea ekonomia solidarioaren balio eta printzipioetatik abiatuta? Galdera horretatik abiatuta, eta prozesuan iparrorratz gisa erabilita, SETEM Hego Haizeak, Euskadiko GGKEen Koordinakundeak, Mugarik Gabek, Colectiva XXK kolektiboak eta REAS Euskadik (Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarea) «Denera iritsi ezinaren aurrean, lan politika feminista» dokumentua landu dute.

Bi urteko lanaren eta eztabaida kolektiborako saio ugariren ondoren, gaur, apirilaren 9an, 2022an abiatutako prozesua borobitzeko argitalpena aurkeztu dute. Prozesu horren helburu nagusia bizigarria ez den eta eraldatu nahi ditugun logikak erreproduzitzen dituen lan ereduaren alternatibei buruz hausnartzea izan da.

Dokumentua sustatu dugun erakundeok espero dugu gero eta erakunde gehiagori lagundu ahal izatea beren erakundeen eraldaketa feministarako prozesuetan.

10 printzipio eta 20 akordio

16 orrialdeko dokumentuak pertsona guztien bizitza erdigunean jarriko duen lan politika definitzeko printzipioak eta akordioak jasotzen ditu. Proposamen horiek erakundeentzako gutxienekoak dira, eta erakunde bakoitzak nahiago duen moduan garatu edo sakontzeko.

Prozesu osoaren oinarrian beti egon da fokua aldatzeko beharra, hau da, produktibismoan oinarritzen den eta sexuaren araberako lanaren banaketan sakontzen duen eredu batetik, pertsonen ongizatean fokua jarriko duten lan ereduetarantz igarotzeko premia, bai eta erakunde bizigarri eta feministagoetarantz aurrera egiteko beharra ere.

Ikuspegi feminista horretatik, trantsizio horretan aurrera egiteko beharrezkoak diren oinarrizko hamar printzipio nabarmentzen ditu dokumentuak:

  1. Erantzunkidetasuna gure erakundeen erdigunean jartzea
  2. Enpleguari esanahi berria ematea
  3. Aberastasuna eta boterea birbanatzea
  4. Erakundea osatzen duten pertsonen hazkundea eta ahalduntzea sustatzea
  5. Gune seguruak sortzea, indarkeriarik gabekoak
  6. Bizitzen berezitasuna kontuan hartuko duen esparru komuna edukitzea, unibertsala erakunde osoarentzat
  7. Dagoena erabiltzea eta berria eraikitzea
  8. Epe ertainaren eta luzearen ikuspegia txertatzea
  9. Lankidetzako, aliantzako eta elkar-lankidetzako dinamikak indartzea
  10. Gure nortasun feminista, intersekzionala eta antikapitalista indartzea

Gainera, erakundeen artean hogei akordio jasotzen ditu dokumentuak, proposamen zehatzak planteatuz sei eremutan (denbora, baldintza ekonomikoak, lanen antolaketa, gaitasunak eta parte-hartzea indartzea, guneak, eta nortasuna eta laneko zein harremanetako giroa):

  1. Gure erakundeetako ordu produktiboak eta erreproduktiboak agerian jartzea
  2. Aparteko orduei uko egitea, printzipioz
  3. Lanaldia murrizten jarraitzea
  4. Ordutegi-malgutasunaren aldeko apustua egitea, muga batzuekin
  5. Norberak eta besteek deskonektatzeko dugun eskubidea errespetatzea
  6. ESS-aren arloan soldata duina zer den zehaztea
  7. Aberastasuna zuzentasunez banatzeko bidean aurrera egitea
  8. Modu kolektiboagoan lan egiteko moduetara jotzea
  9. Zereginen gainkarga konpontzea
  10. Lan guztien balioa aintzat hartzea, hierarkia inplizituetan edo esplizituetan esku hartuta
  11. Pertsonen bizi-zikloko askotariko momentuak integratzea
  12. Jarduera gaitasunen indartze horren parte gisa ulertzea
  13. Gure erakunde kooperatiboak eta askotarikoak koordinatzeko eta horien liderra izateko beste modu batzuen alde egitea
  14. Erakunde bakoitzera egokituko diren partaidetza-eredu irekiagoak eta horizontalak zehaztea
  15. Entzuteko gaitasuna aintzat hartzea, partaide izatearen sentimendua, konfiantza eta prestasuna areagotzeko
  16. Lanerako gune egokia bermatzea eta telelana ziurtatzea
  17. Guneen zaintzaren gaineko erantzunkidetasuna
  18. Pertsona guztien ongizatearen zentraltasuna aitortzea
  19. Desadostasunen, pribilegioen, gatazken eta abarren kudeaketa hobetzea
  20. Ospatzea, aintzat hartzea eta gozatzea

SETEM Hego Haizea, Ekitatearen aldeko III. Planerantz

Talde eragileko kide izan diren erakundeen genero-berdintasunaren aldeko planak garatzeko prozesuaren testuinguruan, «Denera iritsi ezinaren aurrean, lan politika feminista» ekintzaren izen bera darama orain aurkeztutako dokumentuak. Baita gaur egun «Sugara» prozesuan murgilduta dagoen SETEM Hego Haizearen kasuan ere; izan ere, III. Genero Ekintza Plana garatzen ari gara une honetan, laster onartzeko helburuarekin.

Erakundearen barne-eraldaketa lehentasunezko lan ildoa da SETEMentzat. Egungo prozesuaren bidez, azken urteetan egindako lana finkatu nahi du, jarraipena eman eta sakontzen jarraitzeko; horrekin batera, 2019an argitaratutako II. Genero Ekintza Plana berritu nahi du.