Abenduaren 11n SETEM Hego Haizeak Sagarrak Ekologista Taldearen eskutik «Indarkeria kontsumitzen dugu?» azterlanaren hirugarren fasea aurkeztu zuen Basaurin, aisialdiko kontsumoaren eta indarkeria matxisten arteko lotura argitze aldera.
SETEM Hego Haizea eta Sagarrak Ekologista Taldeak EAEko aisialdiko kontsumoan indarkeria matxistek duten eragina aztertu zuten aurreko abenduaren 11n Basauriko Marienean. «Indarkeria kontsumitzen dugu?» ikerketaren kapitulu berri baten berri eman zuten, bai presentzialki baita Latinoamerikatik online konektatu ziren pertsonen aurrean.
Gauza bera al dira aisialdia eta denbora librea? Deskonektatzeko denbora izatean, norberaren burua zaintzea edo besteena zaintzea lehenesten da? Noizbait sozializatzeko zailtasunak gertatu al dira arrazoi ekonomikoengatik, emakume izateagatik, feminitatea behar bezain arautua ez ordezkatzeagatik, ama izateagatik, pertsona lodia, migratua edo arrazializatua izateagatik, edo dibertsitate funtzionala izateagatik? Aisialdi eskaintzak gure jendartearen sexu eta genero aniztasunarekin bat dator? Egoera deserosoak edo indarkeria fisiko, psikologiko edo sexuala jasaten dira aisialdi espazio batean?

Ikerketak planteatzen dituen galderetako batzuk dira aurrekoak. Horretarako, Ekintza Parte-hartzaile Feministako Ikerketaren (IAP) metodologia erabili dute, bizipena eta esperientzia ezagutza gisa baloratzen dituena, eta ez soilik ezagutza akademikoa.
Indarkeria kontsumitzen dugu?
SETEM Hego Haizea 2016tik ari da galdera hori mahai gainean jartzen, ohiko ekoizpen eta kontsumo ereduaren eta indarkeria matxisten artean loturarik dagoen egiaztatzeko. Hainbat ikerketatan aurkitu dugun erantzuna da kontsumoan indarkeria horiek existitzen direla, eta naturalizatu egin direla, gure jendartearen gehiengoarentzat ikusezin bihurtzeraino. Are gehiago, barneratuta daude eta normaltzat hartzen dira.
Lehen ikerketa batean estetika, etxeko produktuak, elikadura eta hiriko mugikortasuna ikertu ondoren, bigarren ikerketan mugikorreko aplikazioak, fikziozko serieak eta energia ikertu genuen. Orain ikerketaren hirugarren fase bat garatu dugu, indarkeria matxistek EAEko aisialdiko kontsumoan nola eragiten duten aztertzeko.