Datorren ostiralean, urriak 27, Amurrion “Lurraren defentsan” topaketa egingo da. Bertan lurraldearen eta ekoizpen -eta kontsumo- eredu arduratsu eta benetan jasangarrien defentsa komuna duten Guatemalako eta Euskal Herriko landa-ekimenak ezagutaraziko dira. Ikus-entzunezko bi proiektu ikusi eta protagonistekin solasaldia izango da, horietako batzuk Aiaraldekoak dira.
Ekitaldia Antzokian izango da 18:00etatik aurrera eta sarrera librea izango da toki guztiak bete arte. SETEM Hego Haizeak eta Medicusmundi Arabak antolatuko dute, Amurrioko Udalaren laguntzarekin eta Arabako Foru Aldundiaren eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren finantzaketarekin.
Lehenik eta behin, medicusmundi Arabak egindako “Alternatiba bidezkoak eta iraunkorrak konektatuz” dokumentala proiektatuko da. Lan honek agerian jarri nahi ditu probintzian dauden kolektiboak, sareak eta ekimenak, Bidezko Merkataritzako eta kontsumo arduratsuko ekimenen alde egiten dutenak eta eredu sozial eta ekonomiko bidezkoagoak, jasangarriagoak eta solidarioagoak eraikitzen modu eraginkorrean laguntzen dutenak. Ekimen horien artean Aiaraldeko batzuk daude, hala nola Ekintzen Faktoria edo Amurrioko Bidezko Merkataritzako Lagun Taldea.
Ondoren, SETEMek egindako “Landa eremuko emakumeak lurraren defentsan” bideo laburren sorta ikusiko da. Bideo horietan era ekologikoan ekoizten duten eta tokiko ingurunean merkantilizatzen duten landa-eremuko emakumeak protagonista dira. Landa-eremuaren errealitatea nolakoa den, lurra eta pertsonak zaintzen dituzten nekazaritza-proiektuak abiarazteko zailtasunak, ekofeminismoa nola gurutzatzen den eta Guatemalan emakume indigenek dituzten antzekotasunak errepasatzen dira. Aiaraldetik Ekoizpen Urduña proiektuak parte hartuko du.
Erdialdeko Amerikako landa-egoera gertutik ezagutzeko, Hermelinda Chicop Choxin AFEDES erakundeko emakume maia kaqchikel-ak solasaldian parte hartuko du. Bere erakundeak emakumeek, bereziki indigenek, bizi dituzten desberdintasun- eta bazterketa-baldintzak hobetzea du helburu. Beste bi ekintza abiatuko ditugu SETEMek eta Hermelindak Gasteizen, gure Balio Faktoriaren programazioaren barruan. Botaiezu begirada bat eta parte hartu!