Dozenaka pertsonak kale ekintza bat egin dute Arabako hiriburuko Gobernu Militarraren aurrean, gizartearen militarizazioa gero eta handiagoa dela salatzeko eta gastu militarraren aurkako eragozpen fiskalaren aldeko kanpaina babesteko. Modu sinbolikoan, misilak jaurti dituzte birziklatze-edukiontzi baten barruan.
Ostegun honetan, maiatzaren 23an, gastu militarrarekiko eragozpen fiskalaren aldeko kanpaina osatzen duten sindikatuek, GKEek eta elkarteek ekintza antimilitarista bat egin dute Gasteizko Defentsa Ordezkariordetzaren aurrean, Leizaola plazan, Gobernu Militarra izenez ezagutzen den eraikinean.
Pertsona talde zabal batek parte hartu du protestan, eta, sinbolikoki, misilak bota dituzte birziklatzeko edukiontzi baten barruan, Estatuko Aurrekontu Orokorrak egiterakoan armamentuan eta gastu militarrean egindako inbertsioak areagotu egin direla salatzeko.
Gainera, errenta aitorpenaren kanpaina betean, gastu militarraren aurkako eragozpen fiskalaren kanpainarekin bat egitera deitu dituzte herritarrak. Protestan azaldu dutenez, “errenta aitorpena egiterakoan sozialki bidegabetzat edota kaltegarritzat jotzen ditugun partiden finantzaketan (esaterako, militarismoan) Estatuarekin ekonomikoki kolaboratzeari uko egitea da eragozpen fiskala”.
“Desobedientzia zibileko ekintza hau zergen zati bat ordaintzeari uztea da, izaera eraldatzaile eta solidarioa duten alternatibak eraikitzen lan egiten duten beste ekimen herritar batzuetara bideratzeko”, gaineratu dute.
2024. urte honetan, momentuz, eta oraindik kanpainako hilabete geratzen denean, eragozpen fiskalak 50 atxikimendu baino gehiago lortu ditu Araban. Bizkaiaren kasuan, ehun pertsonak baino gehiagok eskatu dute hitzordua, gastu militarra beren zergekin finantzatzeari uko eginez.
Ekainaren erdialdera arte iraungo duen kanpainari buruzko informazio guztia www.eragozpenfiskala.org webgunean dago eskuragarri. Errenta aitorpena eragozpen fiskalarekin egiteko interesa dutenek hitzordua eska dezakete SETEM Hego Haizeak Arabako hiriburuan duen bulegoan edo 945 12 07 46 zenbakira deituta.
MANIFESTUA
Desmilitarizatzeko garaia da, desobeditzeko garaia. Eragozpen fiskalaren garaia da!
Gerra, gatazka armatu eta genozidioekin bizi gara, 50 baino gehiago mundu osoan banatuta. Eta gerra berriak iragartzen dituzten garaiak bizi ditugu, baita nuklearrak ere. Egunez egun, hainbat ahotsen lekuko gara, gerrarako prestatzera deitzen dituztenak, eta haren prestakuntzan gero eta baliabide gehiago erabili daitezen eskatzen dituztenak. Estatuen aldetik militarizazio eta berrarmatze garaia da.
Aspaldidanik, Ukrainako gerra edo Gazako genozidioa baino lehenagotik, gastu militarra eta armak erostera bideratutako dirua asko handitu da. Eta, dakigunez, Estatuaren aurrekontu orokorrak egiteko orduan esparru bati eskaintzen zaiona beste baten kalterako da; izan ere, arma-inbertsioak eta gastu militarra herritarren bizi-kalitatea hobetzeko partidetara bideratutako aurrekontuaren kalterako dira, hala nola osasuna, hezkuntza, etxebizitza, gizarte-zerbitzuak, krisi klimatikoaren aurkako borroka, genero-desberdintasuna edo kultura.
Bestalde, eta aurrekoa bezain larria, Espainiako estatuaren, EBren, NATOren eta mundu osoaren jite militarista horrek mundu gerrazale eta ez seguruago batera garamatza. Arma-karrera honek gatazka berriak sortzeko aukerak areagotzen ditu. Historian zehar, askotan egiaztatu dugu gerra prestatzeak, ezinbestean, gerrara garamatzala eta bakea, horretarako prestatuz baino ez dela lortzen.
Gure esku dago prestaketa horiei aurre egitea: gure gorputzak ukatuz, gure buruak ukatuz eta gure baliabideak ukatuz gerrarako lasterketa hau elikatzeko.
Horrela, inoiz baino baliagarritasun handiagoarekin proposatzen dugu eragozpen fiskala gerraren eromenari eta haren prestakizunei desobedientziaz erantzuteko bide gisa. Eragozpen fiskala, egitura militarrak ematen duen segurtasun faltsuaren aurrean benetako segurtasuna eraikitzeko bitarteko gisa aurkezten da. Eraiki dezagun, finantza dezagun eragozpen fiskalarekin, segurtasun integral bat, benetan merezi dituzten eskubideak eta askatasunak bermatzen laguntzen duten erakunde eta proiektu alternatiboak babestuz.
Auzoan Bizi, Argitan, Armiarma, AZET Etxebizitza Sindikatua, BATU Elkarlaguntza Sarea, CNT Bilbao, Ekologistak Martxan, Elkarlaguntza Sarea Galdakao, ESK, Finantza Haratago, Irola Irratia, ISF Euskadi, Jauzi Ekosoziala, Kakitzat, KEM-MOC, Lumaltik Herriak, Mugarik Gabe, Mundubat, Setem Hego Haizea, REAS, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Posada de los Abrazos, Zehar-Errefuxiatuekin