Rana Plaza 2024. Giza Eskubideak errespetatzen ez dituen «arropa zikina» ez saltzeko eskatu diegu marka handiei

24/Apirila/2024 | Albisteak, Arropa Garbia

Rana Plazako tragediaren 11. urteurrenean, dozenaka pertsonak kale ekintza bateratua egin dute Gasteizen, Iruñean, Bartzelonan, Granadan eta Madrilen, Decathloni eta Tendam taldeari (Cortefiel, Women’secret, Springfield, Pedro del Hierro) ehungintzako langileak babesteko Nazioarteko Akordioa sina dezatela eskatzeko.

SETEM Hego Haizeak, Arropa Garbia Kanpainaren barruan, kale ekintza bat egin du gaur arratsaldean Gasteizko hiriguneko Decathlon, Cortefiel eta Women’secret dendetan. Bertan, erreklamazio-orri ugari helarazi dizkie marka horiei, Ehungintza eta Jantzigintza Industriako Osasunerako eta Segurtasunerako Nazioarteko Akordioa sina dezaten eskatzeko.

Arabako hiriburuan ez ezik, Iruñean, Bartzelonan, Granadan eta Madrilen ere egindako ekintza bateratua izan da, Bangladeshko Rana Plaza eraikineko tragediaren 11. urteurrenean; 2013ko apirilaren 24an, 1.138 pertsona hil ziren bertan.

Dozenaka lagunek parte hartu dute bost hiri horietan antolatutako protestetan. Salatu dutenez, Decathlon enpresak eta Espainiako Tendam taldeak (Cortefiel, Women’secret, Springfield, Pedro del Hierro) ez dutela Nazioarteko Akordioa sinatu, dagoeneko mundu osoko 200 konpainiak baino gehiagok sinatu duten arren.

Protesta horren bidez, Arropa Garbia Kanpainak herritarrak animatu nahi ditu marka horiei erreklamazio-orriak, kexak edo iradokizunak helaraztera, bai eta jantziak itzultzera ere, marka horiek «arropa zikina» saltzen dutela argudiatuz; izan ere, «beren ekoizpen-katean ez dituzte ehungintzako langileen giza eskubideak bermatzen, ezta haien babesa ere».

«Kontsumitzaile gisa dugun eskubidea baliatu nahi dugu, ez baitugu erosi nahi fabriketan gutxieneko segurtasun baldintzekin fabrikatu dela ziurtatzen ez duen arroparik. Markei Nazioarteko Akordioa sina dezatela eskatzen diegu», adierazi du Iratxe Arteagoitia SETEM Hego Haizea GGKEko zuzendariak, General Alava kaleko Decathloneko atarian.

Halaber, salaketa kanpaina sare sozialetara ere zabalduko da. Arropa Garbia Kanpainari buruzko informazio guztia, oro har, eta, bereziki, Decathlon eta Tendam taldeari egindako erreklamazio-kanpainari buruzkoa, www.ropalimpia.org webgunean eta sare sozialetan dago eskuragarri.

***Enpresa sinatzaileen zerrendaren azken eguneraketaren arabera, Tendam taldea (Cortefiel, Pedro del Hierro, Springfield edo Women’Secret enpresen jabea) dagoeneko Nazioarteko Akordioaren eta Pakistango Hitzarmenaren sinatzaileen artean dago. Hala ere, oraindik ez du Bangladeshko Akordioa sinatu. Decathlon, Amazon, Ikea edo Levi’s bezala oraindik sinatu ez duten marken aurreko presio kanpainari eutsiko diogu.