Elkartasuna eta babesa Kolonbiako gure lagun eta herriei

12/Maiatza/2021 | Albisteak

Apirilaren 28an, kolonbiar herria kaleetara irten zen bidezko bizi-baldintzak aldarrikatzeko, Iván Duqueren gobernuak eginiko zerga-erreformaren aurka azaltzeko eta justizia sozialez osatutako herrialde baketsua eskatzeko. Ordutik, lanuzte nazional mugagabea egiten ari dira. Gobernuak erantzun bortitza eman du, eta errepresio handiz aritu da legearen barruan protesta egin duten pertsonen aurka. Pertsona horiek bizitza duina baino ez dute eskatu giza eskubideak egunero urratzen diren herrialde batean.

Herri protesta apirilaren 28an hasi zen eta familien saskiko oinarrizko produktuei zergak ezarri nahi zizkien erreformaren aurkako haserrearen isla baino ez da. Baina borroka hori haratago doa. Kolonbian gertatzen ari dena matxinatzeko modukoa da. Beste behin ere, ehunka eta milaka aldiz gertatu denez, herri batek burua altxatu eta aski dela esaten saiatzen ari da: aski da ingurumen-katastrofea gero eta latzagoa izatearekin, klimaren krisiaren aurrean eginiko ekintza baliogabeekin, ura eta lurra kentzearekin, oihanak eta basoak suntsitzearekin, nekazal negozioa bultzatzearekin, meatzaritza handiarekin, frackingarekin, gure emakume eta gizon gazteek bizi duten itxaropenik ezarekin, segurtasunik gabeko zahartzaroarekin, paramilitarrek auzoak eta bidezidorrak okupatzearekin, kokaren laborantza mafia baten etekinerako legez kanpoko negozio hiltzailearen zikloa suspertzearekin. Borroka ez da soilik erreformaren kontrakoa, haratago doa.

Kolonbian herritarrak jasaten ari diren errepresio bortitzaren aurrean, non giza eskubideak etengabe urratzen diren, gure elkartasuna helarazi nahi diegu kolonbiar herriei, eta gurekin lan egiten duten erakundeek egin dituzten ADIERAZPENEKIN bat egiten dugu: Corporación Mujeres que Crean, Corporación Educativa Combos, Cooperación Ecológica eta Cultural Penca de Sábila.

Uko egiten diegu poliziaren errepresioari eta Kolonbiako gizartea militarizatzeari; beste hainbatetan legez, bidegabekeriaren eta egiturazko indarkerien aurka altxatzen ari dena.

Kolonbiako gobernuari eskatzen diogu giza eskubideak urratzeari utz diezaion eta gizartearen protesta desmilitarizatu dezan.

Kolonbiako gobernuari eskatzen diogu batzorde bat sortu dezan, giza eskubideen urraketak bizkor eta gardentasunez aztertze aldera.

Horrez gain, SETEM Hego Haizeak euskal erakundek babestutako ADIERAZPEN HONEKIN bat egin dugu.