Rana Plaza eraikinean hainbat arropa-lantegi zeuden, eta 2013ko apirilaren 24an erori zen Savar hirian (Bangladesh). Ezbehar horrek 1.138 lagun hil zituen, eta 2.000 baino gehiago zauritu. Datorren astelehenean, apirilaren 24an, 10 urte beteko dira ehungintza-industriaren historiako hondamendirik handiena gertatu zenetik, eta SETEMek eta Arropa Garbia Kanpainak oroimenezko eta salaketa-ekintza bat antolatuko dugu Gasteizen.
Kale ekintza hau Andra Mari Zuriaren Plazan goizeko 11:00etan izango da eta herritar guztiak horretan parte hartzera gonbidatzen ditugu, ahal bada, beltzez jantzita. Ekintzak bi helburu izango ditu, alde batetik, biktimak eta haien familiak oroitzea eta, bestetik, Segurtasunerako Nazioarteko Akordioa oraindik sinatu ez duten arropa-markei akordio hori sinatu dezatela exijitzea eta aldarrikatzea.
Izan ere, Rana Plazako zein arropagintzako biktimen oroitzapenak, halabeharrez, akordio bat eskatzen du. Zehazki, markek beren lantegietan lan egiten duten pertsonen bizitzaren aurretik beren etekinak jartzeari uztea eskatzen du, eta Nazioarteko Hitzarmena sinatzeko konpromisoa hartzea. Dagoeneko 190 enpresa baino gehiagok sinatu dute, eta hamargarren urteurren honetan konpromisoa hartu ez duten horietan jarri nahi dugu arreta, kasurako, Levi ‘s, Decathlon, Amazon eta IKEA. Eginahalak egin ditzagun enpresa horiek mundu guztiaren arreta jaso dezaten eta, horrela, Rana Plaza gehiagorik egon ez dadin.
Elkartasun feministaren jardunaldia
2013az geroztik, Emakumeen Mundu Martxak adierazten du apirilaren 24a transnazionalen boterearen aurkako borroka- eta salaketa-eguna dela. Aurten, gogoeta egin eta salatu nahi du gerraren industriaren eta migrazio-politikaren arteko engranajearen ondoriozko heriotza-politika (mugen politika, kanporatzea, behartutako lekualdaketak, etab.).
Bat egingo dugu SETEMek eta Mundu Martxak, eta Gasteizko salaketa-ekintza ondoren, Bilbon izango den mahai-ingurura gonbidatu nahi zaitugu.
Arratsaldeko 19:00etan Bilboko La Bolsan egingo da: CONTRA LA INDUSTRIA DE LAS GUERRAS Y LAS FRONTERAS, ELKARTASUN FEMINISTA! “Bertan parte hartuko dute: Ainhoa Ruiz Benedikto (mugen militarizazioan aditua), Mariana Zaragoza (migratzaileen eskubideen kriminalizazioa eta defentsa ikertzen ari da) eta Koldobi Velasco Vazquez (ekintzaile feminista-antimilitarista).