Badira aste batzuk Hamaika Begirada Kongresuan elkartu ginenetik, kontsumo arduratsuaren eta ekonomia sozial eta solidarioaren proposamen feministei buruz eztabaidatu, ezagutu eta bidegiteko. Han bizitakoaz hausnartzeko beharrezko denbora pasatu da, baina ez ahazteko bezainbeste. Oraingo honetan geratu zitzaizkigun sentsazio onak elikatzera gatoz, era kolektiboan jasotako ondorioak aurkeztuz. Argazki HAUEK ere eskura jarri ditugu.
Beherago ondorio horien laburpena luzatzen ditugu. HEMEN dago dokumentu osoa, zein irekia izango den, abenduaren 11ra arte. Zure ekarpenak egin ditzakezu, laura.latorre@pandoramirabilia.net helbidearen bidez.
Hamaika Begirada Kongresuan era batean edo bestean parte hartu duzuenoi eskerrak eman nahi dugu. Oso pozik gaude ateratako ondorioekin baina, batez ere, kongresuaren garapenerako burututako prozesu guztiekin. Plazerra izan da, mila esker.
Gasteiz, 2017ko urria
Antolatzaileek diote hau dela kongresu bat, haren esanahiari adiera berria eman nahi izan diotelako, eta kontatu digute hitza congredi aditzetik datorrela, eta elkarrekin joan, pausoak eman esan nahi duela. Eta horixe da hemen, Gasteizen, hainbat jatorritako eta askotariko pertsona-talde bat bildu gaituena, batzuk urrutitik etorri garelako oso, ozeanoz harainditik, kongresulagun batek esan duenez. Guatemala, Chiapas (Mexiko), Kolonbia, Ekuador, El Salvador, Galizia, Andaluzia, Madril, Katalunia eta Euskaditik etorritako emakumeak eta gizonak gara.
Hainbeste lagun hemen bildu gaituena interes komun bat izan da, kontsumo arduratsuko eta ekonomia sozial eta solidarioko proposamen feministak sortzekoa.
Nola izan geure gorputzen subjektuak sistema honen aurrean? Nola gainditu antolakunde-garapena, dagoena hobetzeaz harago ez baitoa, gizarte-eraldaketan eragin gabe, baina? Nola lortu gure antolakundeek lehen ezinezkotzat jotzen genituen zenbait gauzarekin amets egitea edo haietan engaiatzea? Nola hautsi soldatekiko mendekotasuna, gure bizitzen ardatz gisa, eta pentsatu nola bete gure beharrizanak beste era batzuetan? Nola jarri erdigunean elkarrenganako afektua, konfiantza eta laguntza, horrek gure autoesplotazioa ekarri gabe? Nola kontuan hartu batzuen eta besteen erritmo pertsonalak, antolakuntza-aldaketak euts diezaion? Nola uztartu burua, bihotza eta eskuak gure antolakundeetan?
Kongresulagun batek pentsatu du, antolakundeak despatriarkalizatu ezean, ekonomia solidarioa tranpa bihurtzen dela emakumeentzat; izan ere, antolakundeak oso asanblearioak izan arren, heteropatriarkaltasunean eta belaunaldiz belaunaldikoan oinarritzen badira, desberdintasuna betikotzen jarraitzen dute. Horregatik, funtsezkoa da –eta horretan denok bat gatoz– bizitzaren zerbitzura dauden ekonomia batzuk eraikitzea, eta emakumeentzat, gizonentzat… guztientzat habitagarriak diren antolakunde batzuk.
Ohartu gara aurrean erronka asko ditugula, baina, baita ere, badugula denbora haietan lan egiten jarraitzeko. Izan ere, badugu argi, baldin oinarria feminista ez bada, hondamena, heriotza eta suntsipena baino ez direla egongo.
Denok Atlantikoaren alde bateko eta besteko begiradak uztartzen jarraituko genukeen gustura, topaketa honek guztiok itxaropenarekin konektatu gaituelako, baina ez dena ongi irten eta gatazkarik gertatuko ez den itxaropenarekin, egiten ditugun gauzek zentzua duten itxaropenarekin baizik, planetako bazter guztietan bizitzak bizitzeko poza merezi izan dezan laguntzeko.
