Indarkeria Matxisten aurkako Nazioarteko Egunari begira, SETEM Hego Haizeak bat egingo du Mugimendu Feministak deitutako mobilizazioekin. Horrez gain, #IndarkeriaDa kanpainarekin aisialdi kontsumoan dauden indarkeria matxistak ikusarazi, Balio Faktoriaren programarekin jarraitu eta Black Friday salatuko dugu.
Azaroaren 25a Indarkeria Matxisten aurkako Nazioarteko Eguna da. Egun morea gure egutegietan. Egun horretan, gure eguneroko borroketatik harago, agenda markatzen dugu, gauzak diren bezala izendatzen ditugu eta kalera ateratzen gara indarkeria matxista guztiak amorruz salatzeko, beren forma eta dimentsio guztiak aintzat hartuta.
Halaber, feminismotik indarrak batzeko eguna ere bada, gure ahotsak elkartzeko eguna, eta bizitza, gorputz eta desio guztiak indarkeria matxistetatik askatuko dituen mundu bidezkoago baten eraikuntza aldarrikatzeko eguna.
Mugimendu Feministaren mobilizazioak
Horregatik guztiagatik, lehenik eta behin, SETEM Hego Haizeak Euskal Herriko Mugimendu Feministak Ez bazara konponbidea, arazoa zara / La vergüenza va a cambiar de bando lelopean deitutako mobilizazioetan aktiboki parte hartzeko deia egin nahi du:

#IndarkeriaDa kanpaina
Bestalde, SETEM Hego Haizeak #IndarkeriaDa (edo #EsViolencia) kanpaina martxan jarri du. Azaroaren 25aren harira, indarkeria matxistek gure aisialdi-kontsumoan duten eragina aztertu nahi izan dugu, Indarkeria kontsumitzen dugu? ikerketaren hirugarren fasetik abiatuta.
Horretarako, hamaika egoera aztertu ditugu. Egoera horiek, gure jendartearen gehiengoarentzat ikusezin bihurtzeraino naturalizatu diren arren, barneratuta dauden arren eta normaltzat hartzen diren arren… INDARKERIA MATXISTAK DIRA.
Gasteizko SETEMen egoitzan eta kalean jarritako karteletan, esteka honetara daramaten hainbat QR kode topatu ahal izango dituzute. Jakin nahi duzu nola eragiten duten indarkeria matxistek aisialdiko kontsumoan?








Balio Faktoria: Indarkeria kontsumitzen dugu?
Gainera, Balio Faktoriako programarekin aurrera jarraitzen dugu. Gogorarazi nahi dizuegu azaroan eta abenduan «Indarkeria kontsumitzen dugu?» galderaren inguruko jarduera-ziklo bat antolatzen ari garela, erakusketa interaktibo batekin, bi doku-forumekin, mahai-inguru batekin, Asaari Bibang-en bakarrizketarekin eta tailer batekin.
Hori guztia kontsumoaren eta indarkeria matxisten arteko harremanari buruz hausnartzeko, duela gutxi aurkeztutako «Indarkeria kontsumitzen dugu?» ikerketaren hirugarren fasearen aurkezpenaren ildotik.

Black Friday ere indarkeria matxista da
Azkenik, datozen egunetan informazio gehiago eskainiko dugun arren, kale ekintza bat prestatzen ari gara datorren ostiralean, azaroaren 29an, ospatuko den Black Friday kanpainari begira. 17:30ak aldera, SETEM Hego Haizearen Arabako egoitzan elkartuko gara, Gasteizko erdiguneko kaleetan zehar protesta egiteko.
Black Friday kanpainan zehar urtero kaleak betetzen dituen kontsumismoa salatuko dugu, bai eta ehungintza industria globaleko milioika langilek jasaten dituzten esplotazioa eta eskubideen urraketa ere, horrek guztiak ingurumenean eragiten duen suntsipena ahaztu gabe.
Baina aurten Pay Your Workers nazioarteko kanpaina mahai gainean jartzeko aukera aprobetxatuko dugu ere. Arropa Garbia Kanpainaren bidez parte hartzen dugu kanpaina horretan, Nike eta Amazon enpresei bidezko soldatak ordaintzea eta lan eskubideak errespetatzea eskatzeko.
