Arropa Garbia Kanpainak markei exijitzen die bakeroak egiteko sandblasting teknika baztertzeko, milaka biktima eragiten baititu herrialde ekoizleetan

30/Martxoa/2011 | Noticia

Praka bakero gastatuak janzteko moda hildakoak eragiten ari da Turkia, Bangladesh, Txina, India eta beste herrialde batzuetan, bertan ekoizten baita janzten dugun arropa gehiena.  “Gastatu” itxura sandblasting teknika arriskutsuaren bidez lortzen da. Teknika hori ehun bakeroan hareazko zorrotada bat aplikatzean datza.  Oso metodo merkea da marka handientzat, baina ez dute beste kostu bat kontuan hartzen: munduaren bestaldean bakeroak egiten dituzten pertsonen osasuna, alegia.

 

            “No Sandblasting” Kanpainaren (www.nosandblasting.org) xedea da moda-markei presio egitea teknika hori debeka dezaten eta silikosia duten langileekin lotuta dagokien erantzukizuna beren gain hartzea eta haien familiek kalte-ordain aproposak jasotzea. Halaber, kontsumitzaileek, diseinatzaileek eta herrialde ekoizleetako gobernuek ere zerbait egitea lortu nahi da. Aurrez ikusten diren jardueren artean, aipatzekoak dira: kale-ekintzak, sinadura-bilketak eta kontzertuak. Arropa Garbia Kanpainaren barruko ekimen bat da eta Espainiako SETEMek koordinatzen du.Arropa Garbia Kanpainaren Euskadiko Sarean hamar bat GKEk parte hartzen dute, baita kontsumitzaile-elkarteek, sindikatuek eta emakume-elkarte batzuk ere.

 

            Arropa Garbia Kanpainak dagoeneko izan dituen kontaktuei esker, Levi-Strauss, El Corte Inglés, Diesel, Inditex, C&A eta H&M markek, besteak beste, dagoeneko jakinarazi dute beren ekoizpen-katean sandblastinga debekatu dutela. Halere, oraindik ez dute iragarri zein neurri erabiliko duten debekua beteko dela ziurtatzeko.

 

5.000 GAIXO, 46 HILDAKO
Turkia da sandblastingaren eragin handiena jasaten ari den herrialdeetako bat. Herrialde hartako txosten medikuei esker ikusi ahal izan da bakeroen ekoizpena eta silikosiaren arteko harremana; izan ere, lehen, langileei diagnostiko okerra egiten zitzaien, tuberkulosia zutela esaten baitzieten. Gaur egun sandblastingaren 5.000 langile inguruk silikosia dutela kalkulatzen da. Gaixotasun kroniko bat da eta lan egitea eta bizitza normala izatea galarazten die. Horietako 46, gutxienez, hil egin dira.

 

            2009an Turkian sandblastinga debekatu zuten. Harrezkero, bakero gastatuen ekoizpena areagotu egin da beste herrialde batzuetan, hala nola, Bangladesh, Txina, Pakistan, India eta Sirian. Europan sandblastinga 1966an desagertu zen, baina Europako herrialdeak dira, oraindik ere, bakero “gastatuen” bezero garrantzitsuenetakoak.

 

            Silikosia harearen silizeak eragiten duen gaixotasun profesional bat da. Meatzaritzan oso ezaguna da, ehungintzan, ordea, ez da oso ezaguna oraindik. Meatzariek 20 urte inguru behar izaten dituzte gaixotasuna jasateko. Sandblastingaren langileak, aldiz, sei hilabeteren buruan gaixotzen dira. Ondorioz, Arropa Garbia Kanpainaren ustez, premiazkoa da OME eta LANE erakundeek ehungintzaren sektorea Munduko Silikosia Desagerrarazteko Nazioarteko Programaren barruan sartzea.

    Jakin nahi duzu zer diote komunikabideek gure kanpainari buruz?