Ez zaitzatela engainatu: moda azkarra oso urrun dago jasangarria izatetik

05/Ekaina/2023 | Albisteak, Arropa Garbia

Ingurumenaren Munduko Egunean, ekainaren 5ean, modaren industriak ingurumenean dituen inpaktuak nabarmendu nahi ditu Arropa Garbia Kanpainak. Jarraitzen digutenek ezagutzen dute modaren eta jantzigintzaren langileek dituzten baldintzak eraldatzeko eta hobetzeko egiten dugun salaketa- eta presio-lana. Oraingo honetan, Carro de Combate kazetari-kolektiboarekin bat egin dugu, bigarren industriarik kutsakorrenaren azpijokoak argitara emateko.

Arropa-marka handiek greenwashingekin bat egin dute kontsumitzaileei sinestarazteko beren inpaktua txikitzen ari direla. Hala ere, industria horren publizitate-iruzurrak baino ez dira. Carro de Combaterekin batera argitara emango ditugu iruzur horiek, ekainaren 5etik 11ra bitartean egingo dugun #ModaEutsiEzina kanpainaren bitartez. Jarraitu ezazu sare sozialetan eta partekatu!

Carro de Combate kolektiboak eginiko Moda Basura ikerkuntzan oinarritzen da kanpaina. Txosten horretan aztertu dituzte jasangarritasunari hots egiteko marka handiek 2019tik egin dituzten kanpainak, eta, egiaztatu dutenez, joera berdinak errepikatzen dira: material birziklatuekin eginiko sortek guztizko salmenten oso ehuneko txikia osatzen dute, eskakizun asko «jasangarriago»-ren gisako kontzeptu ahuletan oinarritzen dira, eta, batez ere, eslogan horiek ez diete arazoaren oinarriei, alegia, gainprodukzioari eta gehiegizko kontsumoari erasotzen.

Ingurumenaren Egunean, Arropa Garbia Kanpainak eta Carro de Combate kolektiboak bat egin dugu marka handiek egiten dituzten publizitate-iruzur nagusien inguruan kontzientziatzeko, gehiago saltzeko darabilten greenwashing jokabidearen inguruan, esaterako. Horri ekingo diogu Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Espainiako Agentziaren (GNLEA) finantzaketa duen kanpainaren baitan.

Horregatik, «Moda Basura» (Moda Zakarra) ebooka argitaratuko dugu. Esteka honetan deskargatu ahal duzu, eta #ModaEutsiEzina kanpaina abian jarriko dugu sare sozialetan. Ez zaitzatela engainatu: Egin bat eta argitara ekar ditzagun moda azkarraren iruzurrak!