Myanmarko sindikatuen mugimenduak mehatxuak jaso ditu Covid-19 birusaren aitzakiaz. Sindikatuetako buruzagiak eta sindikatuan izena eman duten pertsona jakinak kaleratuz, Myanmarren berez hauskorra eta berria den sindikatu-ehuna desegin nahi dute. Oso arazo serioa da eta gero eta hedatuagoa dago. Nazioarteko markek premiaz ekin behar diote hornidura-kateetan egiten ari diren kaleratze diskriminatzaileak gelditzeari. Azken asteetan ehunkien fabriketan jakinarazi diren jazarpen-kasu ugariek Myanmarko sindikatuen errepresio larria islatzen dute, besteak beste, indarkeriazko erasoak sindikatuetako buruzagiei, sindikatuko kideak zirikatu eta ikaratzea, atxiloketak eta espetxe-zigorrak greba baketsuekin bat egiteagatik.
Azken asteetan gertatu diren kasu hauek –Rui Ning, Huabo Times eta Myan Mode– eredu berdina jarraitzen dute: azken hilabeteetan sindikalista gehiegi kaleratu dituzte, Covid-19 birusarekin eta ordaindu gabeko soldatekin lotuta, sindikatuak lan-baldintza ez ziurren aurkako protesta egin eta gero. Europako enpresa ezagunentzako ekoizten dute hiru fabrikek.
Rui Ning enpresaren bezeroak dira, besteak beste, Inditex, Mango, Bestseller, Tally Weijl eta Balala. Huabo Times fabrikako langileek arropa egiten dute Inditex, Bestseller eta Primark konpainietarako. Myan Mode-ren jabearen bezeroen zorroan agertzen dira, esaterako, Mango eta Inditex. Konpainia horiek guztiek ereduzko kodeak dituzte, teorian beren hornidura-kateetako pertsonen elkartze-askatasuna babesten dutenak. Hala ere, konpromiso horiek alde batera uzten dira Covid-19 birusak eragindako krisiaren aitzakiaz sindikatuan izena eman duten langileak modu diskriminatzailean kaleratzen dituztenean. Gaur egungo munduko krisia dela medio, langileen plantillan zenbait doitze egitea saihestu ezin bada ere, lanindarraren murrizketa sindikatua desegiteko eta kideak ikaratzeko baliabide gisa erabili ez dadila bermatzea funtsezkoa da. Elkartzeko askatasunaren aurkako ageri-ageriko urratze horiei heltzeko, markak ez dira tokiko sindikatuak eta beren jardun legitimoa iraunarazteko behar dena egiten ari. Horrek ez du bat egiten markek publikoki beren gain hartutako konpromisoarekin, alegia, giza eskubideak zaintzeko promesekin. Fabrika ezberdinetako negozio-bolumenari helduta, Inditex-ek nahiz Bestseller-ek erantzukizun nabariagoa dute.
Inditex, Amancio Ortegaren jabetzakoa –munduko seigarren gizonik aberatsena–, botere handikoa industrian, 2.720 milioi euroko etekin garbiak 2019an, produkzioa oso kostu txikiko eskulana duten herrialdeetara eramanez sortua, adibidez, Myanmarrera, non ehunkien industriako langileen soldatak Asia osoko txikienetarikoak diren (gutxieneko soldata: 3,5 dolar/egun). Pandemiaren hasieran, Inditexek bere gain hartu zituen bere eskabide denak ordaintzeko eta bere langileekin lankidetza hertsian aritzeko konpromisoak, enpleguen galera saiheste aldera. Konpromiso horiei heltzeko unea da orain, eta munduko beste aldean beren jantziak egin dituzten pertsonei frogatu behar diete arintasunez eta sendotasunez aritzen direla hornidura-katean sindikatuen aurkako diskriminazio-kasuak konpontzeko.
Bestseller Anders Holch Povlsenen jabetzakoa da, Danimarkako pertsona izugarri aberats batena, eta haren balioa ia 10 mila milioi $ da. Bai marka bai jabea Danimarkako komunikabideetan agertu dira berriki, gobernuaren aldetik diru-kopuru handiak jaso dituztelako soldatak ordaintzeko, Covid-19 birusak sortutako krisiaren funts baten pate gisa. Aldi berean, ordea, ez zituzten ordaindu herrialde osoan zehar dituzten dendetako alokairuak. Kritikak jaso ostean, Bestseller-ek iritziz aldatu zuen eta zor zituzten errentak ordaindu zituzten. Komunikabideen estalduraren eta herritarren sentipenaren eraginez, iritziz aldatu zuten.
Myan Mode fabrika. Inplikatutako markak: Inditex eta Mango
Martxoaren 28an, fabrikak 1.270 pertsonatik 571 kaleratu zituen, koronabirusak eragindako murrizketak zirela medio. Horietatik, 520 sindikatuko kideak ziren. Myan Mode sindikatu indartsuenetako bat izan zen herrialdeko ehunkien industrian, eta hainbat greba antolatu zituen soldatak zein lan-baldintzak hobetzeko. Aste bat geroago, beste 50 pertsona kaleratu zituzten, elkartasuna adierazi zutelako. Maiatzaren 30ean, sindikatuak eta fabrikako zuzendaritzak akordio bat egin zuten. Horri esker, 75 pertsona laneratuko zituzten berriz, sindikatuko buruzagiak barne. Tokiko sindikatuak negoziazioetan parte hartzeko testuinguruan urrats garrantzitsua bada ere, etsigarria da markek, bereziki, Inditexek eta Mangok –haiek zuten eraginik handiena eskabideei helduta–, sindikatuko kide guztiak berriz hartzea ez eskatzea. Akordioaren arabera, gainerako pertsonak berriz kontratatzea aintzat hartuko da fabrikak Covid-19 birusaren aurreko produkzio-mailak berreskuratzen dituenean, betiere fabrikaren zuzendaritzak ezarritako baldintza berriak betetzen badituzte. Markek, bestalde, ez zuten presiorik egin sindikatuek langileak murrizteko politikari buruzko negoziazioetan parte hartzeko aukera izan zezaten. Sindikatua zapaltzeko eta indargabetzeko hain auzi argian, kaleratzeagatiko kalte-ordainak kobratzeak ez luke izan beharko espero beharreko gehieneko estandarra.
Rui Ning fabrika. Noren hornitzailea: Inditex (Zara), Mango, Bestseller (Only), Tally Weijl eta Balala
Apirilaren hasiera aldera, 1.100 langiletik 324 kaleratu zituzten. 298 sindikatuko kideak ziren, presidentea barne. Gainera, sindikatuko presidenteari eraso egin zioten arma zuriarekin, baldintza arraroetan. Beharbada, fabrikako kudeatzaileak buruzagi sindikalak ikaratzen eta mehatxatzen saiatu dira horren bidez. Bezeroen (antza denez, Inditex eta Mango) kanpo-presioari erantzuna emateko, fabrikako jabeak adierazpen bat egin zuen ekainaren 5ean, sindikatuko presidentea berriz onartzearekin lotuta. Halere, sindikatuak eginiko eskakizunetako bat baino ez da. Hornitzaileek eta markek ezin dute erabaki sindikatuaren zer eskakizuni helduko zaion. Rui Ning fabrikako kudeatzaileek eginiko adierazpenean ez da sindikatuaren beste aldarrikapenik aipatzen, hots, kaleratutako pertsona guztiak berriz hartzea negozioa normaltasunera itzuli ahala, eta akordio sinatu bat, laneko legeak, Covid-19 birusarekin lotutako segurtasun-neurriak eta enpresetako ereduzko kode propioak errespetatuko direla bermatzen duena. Aurreko informazioaren arabera,Rui Ning fabrikaren jabeak oraindik ez du onartu sindikatuarekin biltzea, negoziazioetan hizketakide baliozkoa ez dela iritzita. Lanaren nazioarteko arau funtsezkoenei aurka egiten die horrek.
Huabo Times fabrika. Inplikatutako markak: Inditex (Zara), Bestseller (Only) eta Primark
Enplegu prekarioak galtzeko beldurrez, Covid-19 birusaren ondorioz langileak kaleratuko ez zituztela bermatzen saiatu ziren langileak. Horren ostean, maiatzaren 11n, talde batek sindikatu berri bat erregistratu zuen. Hiru egun geroago, maiatzaren 14an, zuzendaritzak 107 langile kaleratu zituen, eta horietatik 26 sindikatuko kideak ziren. Zehazki, 4 buruzagiak ziren. Gainerako 81 pertsonak modu irekian babestu zuten sindikatu berria eta kudeatzaileak horren jakinaren gainean zeuden. Sindikatuak hainbat aldiz eskatu du fabrikako zuzendariekin biltzea, eta ez dute erantzunik jaso. Halaber, ez zaie erantzunik eman egin dituzten beste eskakizunei. Horiek, beste elementu batzuen artean, kontu hauek hartzen zituzten barne: sindikatuko buruzagi eta langile kaleratu guztiak berehala berriz hartzea, sindikatuak parte hartzea langileak murrizteko politikei buruzko kontsultetan eta enplegu-emaileak hain taktika diskriminatzaileak erabiltzen jarraituko ez duela bermatzea.
Covid-19 birusaren aitzakiarekin langileen eskubideak isilarazteko eta zapaltzeko aukerarik ez genuke eman beharko. Arropa Garbia Kanpainak marka guztiei dei egiten die prebentziozko neurriak har ditzaten, langileak murrizteko eta kontratazio berriak egiteko erabakietan modu diskriminatzailean jokatuko ez dutela bermatzeko (langileen zerrenda beltzak ohikoak dira). Produkzio-kate osoan lan-eskubideak betetzen direla ziurtatzeko arduradunak dira markak. Hala, behar diren neurriak hartu behar dituzte, beren hornitzaileek sindikatuak zapaltzeko aitzakiatzat har ez dezaten pandemia. Sindikatu bat dagoen fabriketan, langileen plantilla doitzeko neurriak langileen ordezkariekin negoziatu eta adostu behar dira. Markek kontrolatu behar dute beren hornitzaileek langileak murrizten badituzte horrek ez diela neurriz gabe sindikatuetako kideei eta buruzagiei, emakumeei (bereziki, haurdun daudenei) edo lan finkoak dituzten langileei. Langileen murrizketa modu diskriminatzailean egin dela bistako denean, prozesua indargabetu eta berriz egin beharko litzateke, LANEren hitzarmenetan eta jarraibideetan oinarritutako jardunbide egokien prozedurei jarraikiz.
Edonola ere, sindikatuak ahalegindu dira nazioarteko markek esku har dezaten, beren hornitzaileek eta fabriketako jabeek sindikatuarekin fede onez negozia dezaten. Neurri egokiak hartu gabe igarotzen den egun bakoitzak kalteak eragiten dizkie lanik eta baliabiderik gabe dauden pertsonei. Ezin dute gehiago itxaron. Markek ekin behar diote orain.