800 pertsona baino gehiago hurbildu dira kontsumo arduratsura Balio Faktoriako 2018-19 ikasturtean

02/Uztaila/2019 | Albisteak

Beizamara, Gipuzkoaren bihotzera, proiektu agroekologikoak bisitatzeko egindako txangoarekin eman genion amaiera SETEMen Balio Faktoriako 2018-19 ikasturteari. Irailetik ekainera, gurekin 800 lagun baino gehiago izan dira antolatu ditugun 25 jardueretan, kontsumo arduratsura hurbiltzeko edo sakontzeko helburuz, hilez hil landu ditugun arloetan.

Pertsona horietatik, hamaika elkartasun-auzolandegietara joango dira uda honetan, Kolonbia eta Ekuadorrera, lankidetzan kide ditugun bertako antolakundeekin batera antolatuta. Orain, alabaina, atzera begiratzeko unea da, Balio Faktoriako lehen ikasturte osoaz hasierako balantze bat egiteko.

Prestakuntza-proiektu hau sortu zen kontsumo arduratsua pertsona gehiagorengana irits zedin, era malgu batean, bakoitzaren ordutegi zein ezagutzari ongien egokitzen ziren jardueretan parte hartzea ahalbidetzeko moduan. Hala, 600 pertsona inguru izan dira antolatu ditugun 11 topaketetan: hitzaldiak, mahai-inguruak, antzerkia edo zineforuma; eta 186 pertsonak parte hartu dute egin ditugun 14 lantegi eta ikastaroetan.

Hortaz, Faktorian gurekin izandako 800 pertsonek denetariko gaietan jaso zuten kontsumo-alternatiben inguruko prestakuntza: haur-jokoetatik hasi eta bidaietaraino, tartean ekofeminismoa, erakundeen barruko elkarzaintza, sexua eta plazerak, arropa… egon direla Eta horretan goi-maila eta -jatorriko irakasleak izan ditugu gurekin, beste errealitate batzuen begiradak ere ekarrita horrela.

Jaso ditugun balorazioak bikainak izan dira, eta ekarpenak nahiz hobetzeko proposamenak ere iritsi zaizkigu; hala, bada, motorra martxan daukagu, hurrengo udazkenetik aurrera programazio berria eskaintzeko. Gai berriak eta nazioarteko ustekabeko bisitariak egongo dira! Ezer ez galtzeko, harpidetu HEMEN gure buletinean. Irailera arte!

Eta ikasturtearen zehar egin genuena ikusi nahi baldin baduzu, hemen dituzu lehen eta bigarren lauhilabeteen programazioak. Horrez gain, behen duzu argazki galeria bat.

– Harpidetu HEMEN gure buletinean Balio Faktoriaren berri izateko.

– Klikatu HEMEN Balio Faktoriaren webgunean sartzeko.