Herritarren pobretzearen eta zerbitzu publikoen murrizketen aurkako mobilizazioak azaroaren 19an

17/Azaroa/2022 | Albisteak

Euskal Herriko Eskubideen Karta Soziala berriz kalera irtengo da pobretzearen aurkako neurri eraginkorrak eskatzeko. Azaroaren 19an euskal hiriburuetan abiatuko dituen manifestazioetara joateko dei egin du, hain zuzen ere.

Langile klaseak bizi dugun egiturazko pobretzea sakontzen ari da, eta egoera honi erantzun beharra daukagu. Beraz, Eskubide Sozialen Kartatik indarrak batu eta langile jendearen mesedetara dauden politikak eta eraldaketak egiteko exigentzia mahai gaineratu nahi du. SETEM Hego Haizeatik bat egingo dugu, eta manifestazioetan parte hartzera animatu nahi ditugu hiritar guztiak. Hona hemen Kartaren deialdia:

Egoera jasanezina bilakatzen ari da. Inakzioak gora egin eta egiturazkoak ziren arazoak azkartzearekin batera, langileon eta herri sektoreon diru sarrerak eta beharrezkoak ditugun zerbitzu publikoak murrizten ari dira. Langile klasearen pobretze prozesua areagotzen ari da.

Europako Banku Zentralak interes-tasa igotzea erabaki du, Madrilen hartutako neurriak epe laburrekoak eta urriak dira, eta Urkullu eta Chiviteren Gobernuak ez dira erabiltzen ari indarrean dauden eskumenak herritarren bizi baldintzak ziurtatuko dituzten politikak egiteko. Finantza sektorea, energiarena, Patronala eta oro har elite ekonomikoak gehiengoaren pobretzea eragin eta egoera honekin etekinak pilatzen ari dira.

Udazken gogorra iragartzen digute. Eliteen diru-gosea eta hori bermatzeko politikak dira herritarron egoera gogortzea dakartenak. Europako Funtsek baldintzatuta, Espainiako Gobernua pentsioen erreformaren bigarren zatia aztertzen ari da. Euskal Herrian aurrekontu berriak zehazten ari dira gobernu desberdinak, gehien dutenek gehiago ordain dezaten eragingo duen zerga erreforma sakonik gabe eta politika publiko asistentzialistetan oinarrituz. Ezin dugu onartu. Hau ez da bidezkoa, ezta jasangarria ere langile eta herritarrontzat.

Horregatik, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugunok mobilizazio dinamika berria abiatzera goaz. Burujabetza eta eraldaketa sozialaren bidean, elkar saretu, indarrak batu, gure eragina biderkatu eta langile jendearen mesedetara dauden politikak egiteko exigentziarekin aterako gara kalera. Urria eta azaroa bitarte ekimen andana antolatu dugu eta azaroaren 19rako, borroken arteko konfluentzia bilatuz, mobilizazioak prestatzen ari gara, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.

Lan eta bizitza duinak bermatu eta merkatuan esku hartzeko garaia da. Udazken honetan, Herri honetan inor atzean ez gelditzeko borroka egin dezagun!

Hauek izango dira aldarrikapenak: