Gaurtik aurrera SETEM Hego Haizeak entitate moduan Euskaraldian parte hartzen hasi gara!
Jakingo duzuen bezala, Euskaraldia herritarren hizkuntza-praktikak aktibatu eta euskararen erabilera handitzeko asmoa duen ariketa soziala da. Laugarren edizioa da hau, eta lehen aldiz, udaberrian abiatzen ari da: 2025eko maiatzaren 15etik 25era. Entitate moduan, euskararen biziberritzean zeresana eta zeregina daukagula uste dugunez, guk ere parte hartzeko konpromisoa hartu dugu. Konpromiso hori gure plan estrategikoan ere agertzen da, beraz, guretzat aukera paregabea da euskararen arloan aurrerapausoak emateko.
Epe honetan Euskaraldiak proposatutako errol bat aukeratuko du erakundeko kide bakoitzak, eta horren ezaugarriak jarraituz jokatuko dugu:
- Belarriprest: bakoitzak erabakiko du euskaraz noiz eta norekin egin. Agian, beti ez du euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenei berari euskaraz hitz egiteko eskatuko die.
- Ahobizi: euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo du uneoro. Aurrean duenak euskaraz ulertzen ote duen ez jakitean lehen hitzak, beti, euskaraz egingo ditu; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraituko du. Eta zaila iruditu arren, aurrean dagoenak ulertu bai baina euskaraz hitz egiten ez duenean ere euskarari eutsiko dio (elkarrizketa elebidunak mantenduz).
Elkarrekin Euskaraldian parte hartuz, hizkuntza ohituretan jauzi bat egin eta euskararen erabilera handitzeko asmoarekin goaz. Eta zu?