El Salvadorreko emakumeen eskubideen defendatzaileak

30/Maiatza/2019 | Albisteak

Datorren ekainaren 4an arratsaldeko 6.30etan Louise Michel liburudendan «EMAKUME DEFENDATZAILEAK. Ekofeminismoaren proposamenak eta indarkeriarik gabeko bizitzak» solasaldia antolatu dugu SETEM Hego Haizea eta Mugarik Gabeko Ingeniaritza elkarteok, El Salvadorren emakumeen eskubideen defentsaren inguruan solasteko.

Bakarka edota kolektiboki beraien eta gizarte osoaren giza eskubideak bere osotasunean gauzatzeko lanean dabiltzan emakumeak dira giza eskubideen defendatzaile hauek. Munduko edozein txokotan justizia sozial ezaren egoerak ezagutzera emateko, zigorgabetasuna eragozteko eta prozesu demokratikoak bultzatzeko ezinbestekoa den lana da.

El Salvadorreko hiru emakume defendatzaile hauen lanaren nondik norakoak ezagutaraztea da jardunaldi honen helburua. Silvia Guadalupe eta Marleni del Carmen Ortzi Concertación de Muejes de Suchitoto (CMS) erakundeko kideak dira. Erakunde honek emakumeen eskubideen defentsa lau esparrutan lantzen ditu: erakundeen eta lidergoen sendotzea, sexu eskubideak eta ugalketa eskubideak, emakumeek indarkeriarik gabeko bizitza askeak izateko duten eskubidea, eta autonomia ekonomikoa. Deisy Otilia Rivas Asociación de Desarrollo Económico Social de Santa Marta (ADES) erakundeko kidea da. Erakunde honek nekazaritza ekologikoa eta jasangarria sustatzen, ingurugiroa errespetatzen eta giza garapenaren funtsa den giza eskubideen aldarrikapenean dihardu, formakuntza prozesuak eta herri-komunikazioa bultzatuz.

El Salvador, emakumeen aurkako indarkeria eta feminizidio indize altuak dituen herrialdea, eta aldi berean, mundu mailan hamarkada pasa iraun duen borroka baten ostean meatzaritza metalikoa debekatu duen lehen estatua izanik, Silvia, Marleni eta Deisy ekofeminismotik dakartzaten beraien proposamenak eta indarkeriarik gabeko bizitzak lortzeko lanetan dituzten esperientziak elkarbanatuko dituzte.

Horrez gain, CMS erakundeak ekonomia solidarioa eta elikadura burujabetza gauzatzeko praktika ekofeministen inguran burutu duen ikerketa eta kolore anitzeko emakumeak borrokan argazki erakusketa aurkeztuko dira.

El Salvadorreko emakumeen borroka ezagutzea beste hainbat lurraldetako borrokentzako inspirazio iturri dira.