Bidezko Merkataritza gara, eta zu? Egin bat pobreziaren eta desparekotasunen aurka

09/Maiatza/2019 | Albisteak

Datorren maiatzaren 11an Bidezko Merkataritzaren Mundu Egunaren ospakizunetara batuko gara SETEMen, eta Bilbon, Donostian eta Gasteizen izango diren jardueren prestaketan jardun dugu. Noski, larunbatean kalera aterako gara, #BidezkoMerkataritzaGara eta. Eta zu? Anima zaitez gozatzera! Hauxe da egunerako pobreziaren eta desparekotasunen aurka prestatu den adierazpena. Begiratu egitarauak eta atera kalera!

Bilbo: hirian mundu egunaren 15. urtebetetze ospakizuna.
Donostia: clown-ak eta hainbat sorpresa izango dituen azoka.
Gasteiz: pintxoen ibilbidea, kontzertuak, alternatiben azoka…

Egun, Nazio Batuen Erakundearen arabera, 783 milioi pertsona bizi dira pobrezan; hau da, egunean 1,90 dolar baino gutxiagorekin. Nahiz eta zifra hori murriztu egin den azken urteetan, desparekotasunek gora egin dute. Aldi horretan, biztanleriaren % 1 aberatsenak % 50 txiroenek adina diru-sarrera eskuratu zuten. Bestalde, kontuan hartzekoa da baldintza duinak ez baditu, enpleguak ez du pobrezia gainditzea bermatzen; izan ere, Nazioarteko Lan Erakundeak dioenez, mundu osoan langile-klasearen ia herena pobrezia-baldintzetan bizi da, oinarrizko beharrak ase ezinik. Eta emakumeentzat latzagoa da egoera, munduko batez bestekoak erakusten baitu emakumeek gizonek baino % 23 gutxiago irabazten dutela. Azkenik, garrantzitsua da azpimarratzea klima-aldaketak bereziki eragiten diela komunitate pobretuenei. 2.600 milioi pertsonaren ogibide eta sostengu nagusi da nekazaritza, eta azken urteetan, jarduera horretarako baliatzen diren lurren erdiek baino gehiagok lurzoru-degradazioa jasan dute.

Horren aurrean, Bidezko Merkataritzak bestelako eredu ekonomiko eta komertzial baten beharra mahaigaineratzen du, pertsonak eta ingurumena erdian jarriko dituena interes ekonomikoen ordez. Hala, Bidezko Merkataritzak honako printzipio hauek ditu ardatz: ekoizleei lan-baldintza duinak eta seguruak bermatzea, soldata egokiak ordaintzea, egiteko berberagatik gizonek eta emakumeek soldata bera jasotzea, haurren esplotaziorik ez baliatzea eta natur ingurumena errespetatzen duten teknika eta prozeduren bidez ekoiztea. Horrela, Nazio Batuen Erakundeak onartu zituen eta 2030erako bete beharko liratekeen Mundu Helburuak (Garapen iraunkorreko helburuak) lortzeko bidean laguntzen du Bidezko merkataritzak.

Bidezko Merkataritzako nazioarteko sareak Afrikako, Asiako, Latinoamerikako eta Karibeko 75 herrialdetan zehar banatuta dauden 2.000 ekoizpen-erakunde hartzen ditu, eta 2 milioi lagunek egiten dute lan horietan. Horietatik, lautik hiruk elikagaien eta lehengaien ekoizpenean dihardute; kotoiaren laborean, esaterako. Aldiz, ehungintzan eta eskulangintzan dabiltzan 250 erakunde daude Bidezko Merkataritzaren Munduko Erakundearen esanetan.

Irakurri Bidezko Merkataritzaren Mundu Eguneko adierazpena HEMEN