Bangladesh-eko arropa-lantegi bateko sute batean 100 pertsona baino gehiago hil dira. Markei arduragabekeria hilgarria leporatzen zaie.

26/Azaroa/2012 | Noticia

Joan zen larunbateko gauean 120 langile hil ziren Tazreen Fashions arropa-lantegiko sutean. Bangladesh Centre for Workers Solidarityren arabera, Bangladesh-eko jantzigintza-industriaren historiako suterik larriena da. Tazreen Fashionsekoa, ordea, ez da gertatu den azken sutea. Gaur goizean 8 langile zauritu dira Dacako (Bangladesh-en hiriburua) arropa-lantegi bateko sute batean.

 

Arropa Garbia Kanpaina nazioarteko sareak eta Bangladesh-eko lan-eskubideen erakunde eta sindikatuek nazioarteko markei exijitu diete berehala egin dezatela zerbait biktimei laguntzeko eta neurri eraginkorrak har ditzatela sute gehiago egon ez dadin.

 

Langileek asteburuan bizi zuten amesgaiztoa arropa-lantegietako heriotza-zerrenda makabroari gehitu zaio: zehazki, 2006tik 2009ra 414 langile hil ziren Bangladesh-eko arropa-lantegietan. 2010ean, beste jantzi-fabrika batzuetan gertatu ziren beste bi sutetan 50 pertsona hil ziren. Irailean, berriz, Pakistango arropa-lantegi batean egon zen beste sute batean ia 300 pertsona hil ziren.

 

Patroi bera behin eta berriro errepikatzen da. Hildako langileak nazioarteko marka ezagunentzat jantziak egiten ari direla, lantegiak su hartzen du. Tazreen Fashionseko heriotzetako ugari sutetik ihes egitea ezinezkoa zelako gertatu ziren, langileek ezerezera jauzi egin zutelako sei solairuko eraikin baten teilatutik, eta beste batzuk kiskalita hil zirelako. Hildakoen kopuruak gora egiten jarraitzen du, erreskate-taldeek lantegi suntsitutik gorpuak ateratzen dituzten bitartean. Sua itzaltzeko lanetan esku hartu zuen suhiltzaile batek esan zuen ez zegoela suteetarako irteera bakar bat ere. Lehenengo txostenek diotenez, sutea zirkuitulabur baten ondorioz hasi zen. Bangladesh-en, suteen % 80 kable akastunen ondorioz hasten dira.

 

Tazreen Fashionsek, bere web orriaren arabera, Carrefour, C&A, KIK eta Walmart ditu bezero, besteak beste. C&A holandarrak su hartu zuen lantegiarekin zuen merkataritza-harremana berretsi du. Arropa Garbia Kanpainak uste du nazioarteko markek erabateko arduragabekeriaz jokatzen dutela, ez direlako serioki ahalegintzen produkziorako azpi-kontratatzen dituzten lantegietako segurtasun-arazoak konpontzen, eta horrek lantegiak tranpa hilgarri bihurtzen dituelako langileentzat.

Arropa Garbia Kanpainak eta Bangladesh-eko nahiz nazioarteko sindikatuek eta lan-eskubideak defendatzen dituzten erakundeek Bangladesh-en arropa-lantegietan segurtasuna hobetzeko programa bat diseinatu dute, instalazioen segurtasun-faltarekin lotutako beste ezbehar ugari jasan baitituzte. Enpresa batzuk, hala nola PVH (Tommy Hilfiger eta Calvin Klein marken jabea) eta Tchibo alemaniarra dagoeneko konprometitu egin dira Elkar ulertzeko memoranduma sinatuz. Akordio horrek laneko plan zorrotz bat ezartzen du. Plan horrek eraikinen ikuskapen independenteak eta gardenak barne hartzen ditu, baita langile-batzordeen eraketa eta prestakuntza ere osasunarekin eta segurtasunarekin lotutako gaiei buruz, eta tokiko sindikatuek lantegietan benetan parte hartzea ere barne hartzen du, funtsezko oinarri gisa. Arropa Garbia Kanpainak Bangladesh-en hornitzaileak dituzten nazioarteko enpresei eskatzen diete berehala atxiki daitezela programa honetara, lehenbailehen jar dadin martxan.

Biktimei doluminak ematea ez da nahikoa, etorkizunean horrelako ezbeharrak gertatzea ekidin nahi bada. Arropa-markek hornitzaileak dituzten herrialde guztietan lan-baldintzak hobetzeko erantzukizuna hartu behar dute, lanaren arloko nazioarteko arauak betearazi egin behar dituzte eta langileen ordezkariekin lan egin behar dute.

Bangladesh-eko patronala eta gobernua ere erantzuleak dira neurri batean. Gobernuak berehala hasi behar du ikertzen zein diren sutea sortu izanaren arrazoiak eta emakume eta gizon horien heriotza eragin duen arduragabekeriaren erantzuleak epaitu egin behar ditu. Gainera, jantzigintzaren industrian segurtasun-programa nazional bat jarri behar du martxan, egun erabiltzen diren eraikinen segurtasuna bermatzeko eta elektrizitate-instalazioek segurtasun-estandarrak betetzen dituztela ziurtatzeko. Bangladesh-eko lantegien jabe guztiek berehala berrikusi behar dituzte lantegietako segurtasun-prozedurak; gainera, segurtasun-kontrolak eta elektrizitate-instalazioenak egin behar dituzte eraikinetan eta tokiko sindikatuekin batera lan egiten hasi behar dute langileei ahotsa emateko eta segurtasunaren arloko prestakuntza izan dezaten.

Arropa Garbia Kanpainak Bangladesh-eko erakundeekin lan egiten jarraituko du zorigaiztoko sute honen inguruabarrak argitzeko eta biktimentzat justizia egiteko. Bitartean, nazioarteko markei, enpresa hornitzaileei eta Bangladesh-eko gobernuari eskatu nahi diegu beharrezko neurriak har ditzatela heriotza gehiago izan ez dadin. Lehenengo urratsa Bangladesh-eko sindikatuek eta lan-eskubideak defendatzeko erakundeek (besteak beste Arropa Garbia Kanpainak) proposatzen duten Elkar Ulertzeko Memoranduma sinatzea da.