Ekainaren 17tik 21era, Araba bisitatu zuten Claudia Montoyak (Corporación Penca de Sábila – Kolonbia) eta Celso Averosek (Fundación Maquita – Ekuador), SETEM Hego Haizea eta Sustraiak Habitat Design kooperatibarekin batera osatzen duten Agroekologiari buruzko Ikaskuntza Komunitatearen testuinguruan. 2022tik dago martxan, Arabako Foru Aldundiak eta Lankidetzaren Euskal Agentziak finantzatutako «Agroekologiaren bidez lurraldeak eraldatuz» proiektuari esker.
Bisita ofizialki ekainaren 17an hasi bazen ere, Claudia Montoya (Penca de Sábila) aurreko astetik izan zen gurekin. Besteak beste, ekainaren 13an, ostegunean, Claudiak Bizkaiko Bidezko Merkataritzaren Sareak Bilbon antolatutako «Bidezko Merkataritzaren zeregina emakumeen ahalduntzean eta ingurumenaren iraunkortasunean» jardunaldietan parte hartu ahal izan zuen, bai eta hitzaldi inspiratzaile bat eskaini ere.
Gainera, ekainaren 14an, ostiralean, Claudiak REAS Euskadiren 2024 Bazkide Egunean parte hartu zuen, Garaion Sorgingunean (Ozaeta – Araba). Bertan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarea osatzen duten pertsonak eta entitateak ezagutzeko aukera izan zuen.
Astelehenetik aurrera, bisita ofizialaren barruan, Arabako Sustraiak Habitat Design kooperatibarekin eta SETEM Hego Haizearekin batera, Arabako Foru Aldundiarekin bildu ziren eta hondakin-urak maneiatzeko instalazio bat bisitatu zuten AMVISA eta Gasteizko Udalaren eskutik. Horrez gain, Claudia Montoya eta Celso Averos agroekologiari, esperientziei eta ezagutza teknikoei buruzko ikaskuntzak partekatu zituzten Arabako hainbat entitate, erakunde eta pertsonarekin.
Mendiola, Monasterioguren eta Kuartangon, nekazaritza praktikei buruz eta, zehazki, kudeaketa hidrikorako keyline metodoari buruz; Neiker Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundean (Arkauti eta Gaunan); Okiturri nekazaritza eraldaketarako zentroan (Donemiliaga); edo Arkautiko ALEKO nekazaritza test gunean.
Arabako Lautadako Kartografia Sozialaren aurkezpena
Azkenik, ostiralean, ekainaren 21ean, Dulantzin aurkeztu genuen Lautadan agroekologiarekin zerikusia duten hainbat proposamen sustatzeko eta lotzeko 2022tik egindako lana. Arabako Lautadako Gizarte Kartografia gizarteratzeko jardunaldi bat egin genuen.
SETEMek eta Sustraiak Habitat Design kooperatibak partekatzen dugun ekimen hau Landa Garapeneko Elkartearen (ADR) eta eskualdeko Merkataritzako Bulego Teknikoaren laguntza du. Besteak beste, 2024. urtearen hasieran Arabako Lautadan elikadura iraunkorragoa egiteko mapa bat aurkeztu genuen.
Arabako Lautadako Kartografia Soziala
Nola jarri martxan lurralde baten eraldaketa agroekologiaren bidez? 2022an landutako dokumentu hau hurbilketa bat da lurralde jakin batekiko, Arabako Lautadarekiko, zer egiten ari den eta abian dauden ekimenen artean aliantzak egiteko zer aukera dauden ikusteko.
Edukiak:
- Esparrua eta baldintza lagungarriak
- Ekoizpena
- Eraldaketa
- Banaketa
- Merkaturatzea
- Kontsumoa
- Birziklapena/intsumoak
- Ekonomia sozial eta solidarioa
Arabako Lautadan elikadura jasangarriagoa egiteko mapa bat
Arabako Lautadan bizi zara eta zure elikadurak gizartean eta ingurumenean dituen eraginek kezkatzen zaituzte? 2024. urtearen hasieran mapa hau aurkeztu genuen, elikagaien arloan kontsumo arduratsuaren aldeko apustua egiten duten tokiko ekimenak gal ez ditzazun.
Zer aurkituko duzu mapan?
- 59 ekimen
- Dendak, tabernak, jatetxeak, nekazaritza eta abeltzaintza ekoizleak…
- Guztiek zazpi irizpide hauetako bat dute gutxienez: tokiko ekoizpena, agroekologia, elaborazio artisaua, Bidezko Merkataritza, emakumeak aurrean, ekonomia sozial eta solidarioa, ingurumen jasangarritasuna
Elkarrizketak
Horrez gain, «Agroekologiaren bidez lurraldeak eraldatuz» proiektuari eta Agroekologiari buruzko Ikaskuntza Komunitateari buruz hitz egiteko aukera izan genuen SER irratiko Hoy Por Hoy Vitoria saioan eta Hala Bedi Irratiko Suelta la Olla magazinean.
Bisitaren argazki galeria
KRONOLOGIA
Agroekologiari buruzko Ikaskuntza Komunitatea (2022-2024)
«Agroekologiaren bidez lurraldeak eraldatuz»
2022
«Agroekologiatik lurraldeak eraldatuz» Arabako Foru Aldundiak eta Lankidetzaren Euskal Agentziak finantzatutako hitzarmenaren esparruan, Penca de Sábila, Sustraiak eta SETEM erakundeek Agroekologiari buruzko Ikaskuntza Komunitatea sortu zuten, iparralde eta hegoalde globaleko erakundeen artean agroekologiaren inguruko ezagutza kolektiboa sortzeko eta trukatzeko gune gisa.
Proiektua Araban eta Medellinen garatzen da:
- Araban, Sustraiak eta SETEM erakundeek, Lautadako Landa Garapeneko Elkartearen (ADR) laguntzarekin, kartografia sozial bat garatu genuen lurraldearen trantsizio agroekologikoan laguntzen duten Arabako Lautadako ekimenak eta praktikak identifikatzeko. Identifikatutako ekimenak eta praktikak trantsizio agroekologikorako beharrezkoak diren zortzi blokeetan bildu ziren.
- Medellinen, Penca de Sábilak erreferentziazko predio (lursail) agroekologiko esperimentalak sistematizatu zituen. Bertan, ekoizpenaren berezko dinamikez gain, praktika agroekologiko eta teknologia sanitario egokiak instalatu, esperimentatu eta baliozkotu ziren.
- Irailean, Penca de Sábila Arabara joan zen Ikaskuntza Komunitatea modu presentzialean garatzeko. Lautadan, Lautadako (eta beste kuadrilla batzuetako) ekoizleei eta teknikariei zuzendutako hainbat truke-foro antolatu ziren; bertan, elkarrekin hausnartu zen agroekologiari lotutako hainbat gairi buruz: ongarrien krisiaren eraginak eta alternatibak, bio-eskualdea, trantsizio agroekologikoa…
- Azaroan, bio-eskualdearen kontzeptuari buruzko online truke bat egin zen, agroekologiatik lan egiten duten beste erakunde ezagun batzuk gonbidatuz: Maquita eta FEPP.
2023
2022an egindako lanari jarraipena eman zitzaion, bai Araban bai Medellinen:
- Araban: kartografia sozialaren aurkikuntzen ondorioz, lana bi bloketan zentratzea erabaki zen: ekoizpena (Sustraiak) eta kontsumoa (SETEM).
- Sustraiak-ek Arabako Lautadako bi ekoizleri laguntza eman zien, beren lursailetan trantsizio agroekologikoa egin nahi zutelako.
- SETEMek kontsumo arduratsuaren irizpideak jasotzen dituzten elikadura arloko Lautadako ekimenen mapa bat egin zuen (saltokiak, jatetxeak, tabernak, ekoizleak, etab.). Bestalde, Dulantziko Erausquyn proiektuan parte hartu nahi duten emakumeen arteko loturak sortzeko, lehen topaketa bat ere egin zen, sukaldaritza tailer formatuan.
- Medellinen:
- Penca de Sábilak erreferentziazko predio esperimentalen sistematizazioaren sozializazioa egin zuen.
- Abuztuan, Ikaskuntza Komunitatea Medellinen garatu zen, eta Maquita eta FEPP (Ekuador) ere batu ziren. Penca de Sábilarekin lan egiten duten lursailak eta ekoizleak bisitatzeko bira agroekologikoak egin ziren, bai eta foro bat ere unibertsitatean.
2024
Medellingo Ikaskuntza Komunitatean, lurralde guztien arazo komun gisa identifikatu zen uraren kudeaketa, eta uraren kudeaketa hobetzeko ezagutzak eta esperientziak partekatu ziren. Horregatik, aurten online prestakuntza bat egin da línea clave edo keyline metodoari buruz; sistema horrek uraren bilketa eta kontserbazioa lurra birsortzeko teknikekin konbinatzen ditu. Sustraiak erakundeak eskaini du formakuntza, eta Penca de Sábila, Maquita, FEPP, AFEDES (Guatemala), REDES (El Salvador), Concertación de Mujeres de Suchitoto (El Salvador) eta Ki’nal Antsetik (Chiapas, México) erakundeek parte hartu dute.
Bestalde, lurraldeetan aurreko urteetako lana aurrera doa:
- SETEMek jarraitzen du ekimenen mapa zabaltzen, bai eta Erausquyn proiektua babesten ere. Aurten, esperientzia pilotu gisa funtzionatzen ari da, eta hainbat gairi buruzko prestakuntzak eskaintzen ari da: kontserbak, nekazaritzako elikagaien sistema, catering prestaketa, talde kohesioa…
- Sustraiak elkarteak bi pertsonari (abeltzain bat eta nekazari bat) laguntzen jarraitzen du, beren finketan trantsizio agroekologikoarekin jarraitzeko.
- Ekainean, berriz ere Araban egin da Ikasketa Komunitatea, Sustraiak, Penca de Sábila, Maquita eta SETEM Hego Haizea erakundeen artean. Besteak beste, honako jarduerak izan dira bisitaren parte: kartografia soziala sozializatzeko jardunaldia Lautadan, Okiturri poligonora bisita (Donemiliaga), keyline sistema erabiltzen duen proiektu batera bisita…
Corporación Penca de Sábila (Kolonbia)
Penca de Sábila Korporazio Ekologiko eta Kulturala 36 urteko ibilbidea duen ingurumenaren aldeko erakunde feminista da, eta gizarte jasangarri eta burujabe bat eraikitzen laguntzeko asmoa du. Horretarako, proposamen anbientalista eta feministak eskaintzen dizkie askotariko ekimen politikoei, emakumeen, gazteen, nekazarien eta hiri zein landa eremuko komunitateen giza eskubideen, eskubide kolektiboen eta ingurugiroaren aldeko ekarpenak egiteko. Ingurumen kudeaketa parte-hartzailea sustatzen du, hala nola elikagaiak ekoizteko alternatibak eraikitzea, ekonomia soziala eta solidarioa, kontsumo arduratsua eta bidezko merkataritza.
Claudia Montoya Ruiz ingeniari agronomoa da, Eskualdeko Nekazaritza Garapenerako Estrategietan magisterra, Penca de Sábila Korporazio Ekologiko eta Kulturalaren Elikadura Burujabetza eta Ekonomia Solidarioaren programaren koordinatzailea.
Fundación Maquita (Ekuador)
Maquita Cushunchic Fundazioa ekonomia sozial eta solidarioko erakundea da, eta elkartegintzan, ekoizpen jasangarrian, bidezko merkataritzan eta kontsumo arduratsuan lan egiten du, Ekuadorko familia zaurgarrien bizi-kalitatea hobetzeko.
Gizartean eragina duten zirkuitu eta sare iraunkorrak eta bidezkoak sustatzen ditu, modu komunitarioan ekoizten eta nazioan zein nazioartean merkaturatzen, berrikuntzarekin, teknologiarekin, errentagarritasunarekin eta produktuen zein zerbitzuen kalitatearekin. Horretarako, emakumeen ahalduntzea eta ekoizpen agroekologikoko zein bidezko merkataritzako zirkuituak sustatzen ditu.
Celso Averos nekazaritza ingeniaria da (Ekuadorko Nekazaritza Unibertsitatea), eta 2007tik Maquita Fundazioko zuzendariordea.