Apirilaren 30etik ekainaren 15era arte «Fabricando Mujeres: Indarkeria kontsumitzen dugu?» erakusketak bere ohiko kontsumoaren eta indarkeria matxisten arteko harremanari buruzkoa hausnarketa erakutsiko du Bizkaiko hainbat tokitan. Jarduera honen osagarri gisa dokuforuma eta erakusketarako bisita gidatua egingo dira Getxon eta Portugaleten.
«Fabricando Mujeres: Indarkeria kontsumitzen dugu?» erakusketa hartuko dute Getxok, Portugaletek eta Bilbok, apirilaren 30etik ekainaren 15era arte. SETEM Hego Haizea GGKEak Altekio kooperatibarekin batera sortutako lan bat da, eta kontsumoaren eta indarkeria matxisten arteko harremanari buruzko hausnarketan sakontzea du xede. Horretarako, “Indarkeria kontsumitzen dugu?” ikerketetan eta Fabricando Mujeres dokumentalean oinarritu dira.
Erakusketa interaktibo eta ibiltari hori bisitatzen duenak Emakumeen Fabrikaren unibertsoan murgiltzeko aukera izango du, euskaraz zein gaztelaniaz, hiru espaziotan barrena: gure eguneroko kontsumoan ezkutatzen diren indarkeria matxistak ikusaraziz, emakumeek jasan dituzten indarkerien istorioak partekatzen dituzten auzokideen patioa zeharkatuz, eta indarkeria matxistarik gabeko kontsumo baterako alternatibak modu kolektiboan sortuz.
Getxo eta Portugaleteren kasuetan, horrez gain, erakusketa honen inguruan Fabricando Mujeres dokumentalaren proiekzioa eta eztabaida izango da. Ondoren bisita gidatu bat emango dute erakusketan zehar.
- Getxo: Apirilaren 30etik maiatzaren 25era arte. Gurari Etxea. Fabricando Mujeres dokuforuma eta bisita gidatua maiatzaren 5ean, 18:30etan.
- Portugalete: maiatzaren 26tik 30era arte. Portugaleteko Merkatua. Fabricando Mujeres dokuforuma eta bisita gidatua maiatzaren 26an, 18:30etan.
- Bilbo: ekainaren 1etik 15era arte. Begoñako Udaltegia.

Indarkeria kontsumitzen dugu?
SETEM Hego Haizea 2016tik ari da galdera hori mahai gainean jartzen, ohiko ekoizpen eta kontsumo ereduaren eta indarkeria matxisten artean loturarik dagoen egiaztatzeko. Hainbat ikerketatan aurkitu dugun erantzuna da kontsumoan indarkeria horiek existitzen direla, eta naturalizatu egin direla, gure jendartearen gehiengoarentzat ikusezin bihurtzeraino. Are gehiago, barneratuta daude eta normaltzat hartzen dira.
Lehen ikerketa batean estetika, etxeko produktuak, elikadura eta hiriko mugikortasuna ikertu ondoren, bigarren ikerketan mugikorreko aplikazioak, fikziozko serieak eta energia ikertu genuen. Ikerketaren hirugarren fase bat garatu du orain dela gutxi SETEMek, indarkeria matxistek EAEko aisialdiko kontsumoan nola eragiten duten aztertzeko.
“Erakusketa bisitatzera gonbidapena luzatzen dugu, indarkeria matxisten eta kontsumoaren arteko loturan elkarrekin sakontzen jarraitzeko, eta kontsumitzeko beste modu batzuk nola eraiki ditzakegun hausnartzeko”, adierazi du Magda López Gorritxo SETEM Hego Haizeako kideak.
Jarduera horiek Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren laguntza dute.