Uda honetan lau lagun joango dira Guatemalara, Mujeres de Afedes erakundeak egiten duen lana bertatik bertara ezagutzeko. Horietako bi uztail hasieratik daude bertan, eta beste bi abuztuan iritsiko dira. Gainera, 2025eko Elkartasun Auzolandegietan izena emateko epea zabalik dago.
Hainbat hilabete prestaketa lanetan eta Balio Faktoriaren bidezko formakuntza eraldatzailean murgilduta eman ostean, Menchu eta Ainara gure kideek zenbait aste daramatzate Guatemalan, SETEM Hego Haizeak 2024an antolatutako Elkartasun Auzolandegiei esker.
Zehazki, uztailaren hasieratik daude Sacatepéquezen, Mujeres de Afedes erakundearekin batera. SETEMen erakunde aliatu hori 1988tik dago lanean, departamenduko emakumeek, bereziki emakume indigenek, bizi dituzten desberdintasun eta bazterketa baldintzak hobetu nahian. Azken egunotan, besteak beste, maien sukaldaritzako eta antzinako medikuntzako hainbat tailerretan parte hartu dute, arbasoen ezagutzak eta praktikak indartzeko helburuarekin.
Gainera, beste bi lagun, Arantxa eta Lur, abuztuaren hasieran iritsiko dira Guatemalara, uda desberdin bat bizitzeaz gain, bertan trebatzeko eta Latinoamerikako beste errealitate batzuk ezagutzeko.
Argazki galeria
Zuk ere parte hartu nahi duzu?
2025eko Elkartasun Auzolandegietan parte hartu nahi duzu? Aurtengo auzolandegiak martxan daude dagoeneko, baina datorren urtekoetan izena emateko epea zabalik dago jada. Lotura honetan izena eman dezakezu inolako konpromisorik gabe (oraingoz), 2025eko udan El Salvador, Guatemala, Mexiko (Chiapas), Ekuador edo Kolonbiara joateko.
1992az geroztik, SETEMen Elkartasun Auzolandegiak aukera paregabea dira Latinoamerikako tokiko erakundeen eskutik elkarbanatzeko, elkar bizitzeko eta elkartasunera hurbiltzeko, gaur egungo sistema kapitalista neoliberalaren inguruko zein Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko desberdintasun gero eta handiagoei buruzko ikuspegi kritiko batetik.
Eredu justuagoen aldeko aktibismoa bultzatuz. Ez laguntzeko edo kolaboratzeko ikuspegi huts batetik, baizik eta geure buruak hezteko eta beste esperientzia batzuk, beste errealitate batzuk eta bizitzeko, lan egiteko, elkar bizitzeko edota kontsumitzeko beste eredu batzuk ezagutzeko helburuarekin.
Parte hartzen duten pertsonei harrera eta akonpainamendua bertako GGKEetako ordezkariek egiten dute. SETEMek erakunde horiekin elkarlanean eta sarean lan egiten du, bai eta lan estrategiak partekatu ere: besteak beste, giza eskubideen eta lan eskubideen defentsa; Bidezko Merkataritza; agroekologiaren, elikadura subiranotasunaren eta tokiko ekoizpen jasangarriaren aldeko apustua; emakume antolatuen ahalduntzea…
Zalantzarik baduzu, formulario honen bidez edo formacion.euskadi@setem.org idazteko edo 945 12 07 46 telefono zenbakira deitzeko aukera duzu.