Indarkeria kontsumitzen dugu? (azterlanaren III. fasea)

11/Iraila/2024

SETEM Hego Haizeak Indarkeria kontsumitzen dugu? ikerketaren hirugarren fasearen emaitza aurkeztu du, oraingoan indarkeria matxistek EAEko aisialdi-kontsumoan duten eragina aztertuz.

Indarkeria kontsumitzen dugu? SETEM Hego Haizea 2016tik ari da galdera hori mahai gainean jartzen, ohiko ekoizpen eta kontsumo ereduaren eta indarkeria matxisten artean loturarik ote dagoen egiaztatzeko.

Hainbat ikerketatan aurkitu dugun erantzuna da kontsumoan indarkeria horiek existitzen direla, eta naturalizatu egin direla, gure jendartearen gehiengoarentzat ikusezin bihurtzeraino. Are gehiago, barneratuta daude eta normaltzat hartzen dira.

Lehen ikerketa batean (2016) estetika, etxeko produktuak, elikadura eta hiriko mugikortasuna ikertu ondoren, bigarren ikerketan (2017) mugikorreko aplikazioak, fikziozko serieak eta energia ikertu genituen. Orain, Indarkeria kontsumitzen dugu? ikerketaren hirugarren fase bat garatu dugu, Euskal Autonomia Erkidegoko aisialdi-kontsumoan indarkeria matxisten eragina nolakoa den aztertzeko.

Ezagutza modu kolektiboan eraikitzen

Ikerketa-prozesua SETEM Hego Haizea erakundetik egin dugu, honako hauekin batera: Altekio (Conchi Piñeiro eta Laura Lucio González), Mugarik Gabe (Maria Viadero), Pikara Magazine (Teresa Villaverde), Tatiana Romero Reina (ikertzaile feminista independentea), Laura Modonato (aholkularitza independentea feminismoetan, migrazioetan eta garapenean), ERROTIK Cooperativa Feminista (Gisela Bianchi eta Savina Lafita); bai eta aditu gisa edo eztabaida-taldetan parte hartu duten beste pertsona askorekin ere, eta oso eskertuta gaude haiekin.

Gauza bera al dira aisialdia eta denbora librea? Deskonektatzeko denbora duzunean, zeure burua zaintzea edo besteak zaintzea lehenesten duzu? Gaizki sentitu al zara zure denbora ezer ez egiteko aprobetxatzeagatik? Zure aisialdi aukerak bikotekidearekin negoziatu behar dituzu beti? Noizbait sozializatzeko zailtasunak izan dituzu arrazoi ekonomikoengatik, emakume izateagatik, feminitatea behar bezain arautua ez ordezkatzeagatik, ama izateagatik, pertsona lodia, migratua edo arrazializatua izateagatik, edo dibertsitate funtzionala izateagatik? Aisialdi eskaintzak gure jendartearen sexu eta genero aniztasunarekin bat dator? Deseroso sentitu zara edo indarkeria fisiko, psikologiko edo sexuala jasan duzu aisialdi espazio batean?

Ikerketak planteatzen dituen galderetako batzuk dira. Horretarako, Ekintza Parte-hartzaile Feministako Ikerketaren (IAP) metodologia erabili dugu, bizipena eta esperientzia ezagutza gisa baloratzen dituena, eta ez soilik ezagutza akademikoa.

Ikuspegi feminista intersekzionalean sakonduz

Oraingoan, ikerketa-prozesuaren ikuspegi intersekzionalean sakondu da, hau da, zapalkuntzen arteko erlazioa kontuan hartuz (sexua, generoa, arraza, etnia, gizarte-klasea, sexu-orientazioa, gaitasunak…) eta ikerketari sexu eta genero aniztasunetan oinarritutako ikuspegi dekoloniala emanez.

Datuak bildu eta erantzunak bilatzeaz gain, ikerketak alternatibak eta askapenerako proposamenak garatu ditu ere, hiru esparrutan: aldaketa pertsonalaren boteretik, indar kolektiboaren boteretik eta joko-arauak aldatzeko boteretik.

Errotik kooperatiba feministarekin elkarlanean garatutako landa-lana hiru formatutan oinarritu da nagusiki:

  • Kalean egindako inkestak, 446 pertsonarekin eta EAEko hiru lurraldetan:
    • %69 zis emakumeak.
    • %28 zis gizonak.
    • %3 pertsona ez-bitarrak.
  • Hiru eztabaida-talde emakume eta pertsona ez-bitarrekin:
    • Zortzi pertsona arrazializatu edota migratuak.
    • 27 urtetik gorako zortzi pertsona.
    • 27 urtetik beherako bederatzi pertsona.
  • Elkarrizketa sakonak zapalkuntza-ardatzaren arabera, bost emakume aditurekin:
    • Ana M. Poveda Boj, EHGAM Gorbeialdea+ (sexu eta genero aniztasunaren ardatza).
    • Zaira García Dafonte, aholkularia feminismoetan eta LGTBI+ gaietan (sexu eta genero aniztasunaren ardatza).
    • Itxi Guerra, aktibista antikapazitista (dibertsitate funtzionalaren ardatza).
    • Mónica Gortayre, aktibista feminista antirrazista (arrazializazioaren eta migrazio-prozesuen ardatza).
    • Matxalen Legarreta-Iza, Euskal Herriko Unibertsitatea UPV/ EHU (zaintzen eta denboraren erabileraren ardatza).