Bideoa: Ehungintzaren inperioaren atzean

04/Ekaina/2018 | Arropa Garbia, Noticia

14 ordu baino gehiagoko lanaldiak jarraian, lan-eskubideen urraketak, oinarrizko beharrizanak estaltzen ez dituzten soldata batzuk, segurtasun-neurrik ez, haurren esklabotza… Bidegabekerietako batzuk baino ez dira horiek, eramaten ditugun jantzi eta oinetakoen etiketetan azalduko ez zaizkizun guztien artean.

Arropa Garbia Kanpainak ehungintzako langileen baldintzak ikusgai bihurtzeko lan egiten du, eta gure jantzien etiketek esaten ez duten guztia jendaurrean ezagutarazteko. Urteak daramatzagu ehungintzako enpresa handiak eta haien lan-politikak salatzen, enpresa eta gobernuei presioa egiten, hornidura-kateetan lan-eskubideak bermatzeko dituzten erantzukizunak beren gain har ditzaten.

Horregatik, euskaraz eta animaziozko bideo hau partekatu nahi dugu zuekin. Bertan, ehungintzako ekoizpenaren deslokalizazio-prozesuaren historia laburtzen dugu, eta ikusarazi egiten ditugu fabriketan etengabe gertatzen diren eskubide-urraketak eta enpresa transnazional handiek dituzten erantzukizunak, bai eta antolatutako herritarrek izan dezaketen indarra ere.

Lagun iezaguzu zabalkundea egiten, enpresa handiek giza eskubideak errespetatzea lortzeko: partekatu bideoa sare sozialetan, proiekta ezazu, kolektiboren batean bazaude, eta abar.

Horrez gain, ‘Konpon dezagun moda’ koadernoari begiratu bat emateko gomendatzen dugu. Haren mezua da modaren erritmoa motel dezagun, eta markei erakutsi bidezko arropa eta zapatak nahi ditugula, ez arropa eta zapatu gehiago, beste gabe.

Guztion artean, #EhungintzaInperioa-ren bidegabekerien aurka borrokatzen gara #ArropaGarbia

– Begiratu BIDEOA euskaraz

– Begiratu ‘Konpon dezagun moda’ argitalpena

Egilea: Arropa Garbia Kanpaina