Pausoz pauso, plazerez, feminismoz eta tinkotasunez

16/Azaroa/2017 | Albisteak

Hamaika Begirada *Kon-gresua Vitoria-Gasteizko Goiuri jauregian egin zen, 2017ko urriaren 19an eta 20an, kontsumo arduratsuko eta ekonomia sozial eta solidarioko hainbat proposamen feminista bilduta. Horrelakoa izan zen Kongresuaren EGITARAUA.

Bi jardunalditan banaturik, kongresuak hiru ardatz izan zituen:

  • Bidezko merkataritza, elikadura-burujabetza, eta sexu- eta genero-aniztasunak
  • Antolakuntza-prozesu ez-heteropatriarkalak
  • Ekonomia sozial eta solidarioan estalita ez dauden espazioak begirada feminista gehitzeko

Esteka HONETAN sakatuz hiru ardatz horien mahaiak bideoan ikusi ahalko duzu. Horrez gain, esperientzien azoka moduko bat izan zen, non alternatibak erakutsi ziren. HEMEN dituzu horiek guztiak bilduta.

Bukatzean, Kongresuak ONDORIOEN DOKUMENTUA emaitza bezala utzi zuen. Era kolektiboan sortu zuten jatorri desberdinetatik etorritako pertsona anitzek, zeinek kontsumo arduratsuaren eta ekonomia sozial eta solidarioan amankomuneko interesa duten.

Kongresuaren finantzatzaileak Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia, Donostiako Udala, Arabako Foru Aldundia eta Bizkaiko Foru Aldundia dira.

Eskerrik asko ekitaldi hau posible egin zuten pertsona guztioi, baita era batean edo bestean parte hartu zutenoi.

Jarraian, ondorioen laburpena. Eskerrik asko!

Gasteiz, 2017ko urria
Antolatzaileek diote hau dela kongresu bat, haren esanahiari adiera berria eman nahi izan diotelako, eta kontatu digute hitza congredi aditzetik datorrela, eta elkarrekin joan, pausoak eman esan nahi duela. Eta horixe da hemen, Gasteizen, hainbat jatorritako eta askotariko pertsona-talde bat bildu gaituena, batzuk urrutitik etorri garelako oso, ozeanoz harainditik, kongresulagun batek esan duenez. Guatemala, Chiapas (Mexiko), Kolonbia, Ekuador, El Salvador, Galizia, Andaluzia, Madril, Katalunia eta Euskaditik etorritako emakumeak eta gizonak gara.

Hainbeste lagun hemen bildu gaituena interes komun bat izan da, kontsumo arduratsuko eta ekonomia sozial eta solidarioko proposamen feministak sortzekoa.

Nola izan geure gorputzen subjektuak sistema honen aurrean? Nola gainditu antolakunde-garapena, dagoena hobetzeaz harago ez baitoa, gizarte-eraldaketan eragin gabe, baina? Nola lortu gure antolakundeek lehen ezinezkotzat jotzen genituen zenbait gauzarekin amets egitea edo haietan engaiatzea? Nola hautsi soldatekiko mendekotasuna, gure bizitzen ardatz gisa, eta pentsatu nola bete gure beharrizanak beste era batzuetan? Nola jarri erdigunean elkarrenganako afektua, konfiantza eta laguntza, horrek gure autoesplotazioa ekarri gabe? Nola kontuan hartu batzuen eta besteen erritmo pertsonalak, antolakuntza-aldaketak euts diezaion? Nola uztartu burua, bihotza eta eskuak gure antolakundeetan?

Kongresulagun batek pentsatu du, antolakundeak despatriarkalizatu ezean, ekonomia solidarioa tranpa bihurtzen dela emakumeentzat; izan ere, antolakundeak oso asanblearioak izan arren, heteropatriarkaltasunean eta belaunaldiz belaunaldikoan oinarritzen badira, desberdintasuna betikotzen jarraitzen dute. Horregatik, funtsezkoa da –eta horretan denok bat gatoz– bizitzaren zerbitzura dauden ekonomia batzuk eraikitzea, eta emakumeentzat, gizonentzat… guztientzat habitagarriak diren antolakunde batzuk.

Ohartu gara aurrean erronka asko ditugula, baina, baita ere, badugula denbora haietan lan egiten jarraitzeko. Izan ere, badugu argi, baldin oinarria feminista ez bada, hondamena, heriotza eta suntsipena baino ez direla egongo.

Denok Atlantikoaren alde bateko eta besteko begiradak uztartzen jarraituko genukeen gustura, topaketa honek guztiok itxaropenarekin konektatu gaituelako, baina ez dena ongi irten eta gatazkarik gertatuko ez den itxaropenarekin, egiten ditugun gauzek zentzua duten itxaropenarekin baizik, planetako bazter guztietan bizitzak bizitzeko poza merezi izan dezan laguntzeko.