Joan den martxoaren 8an, mugimendu feministaren deialdiarekin bat eginez, herri eta hirietako kaleak jendez bete ziren «Faxismoaren aurka, ausardia eta aliantza feministak» lelopean. SETEM Hego Haizeak bat egin eta mobilizazioetan parte hartu genuen, eta, gainera, Gasteizko mugimendu feministak gonbidatutako taldeetako bat izan ginen, Arabako hiriburuan egin zen manifestazioaren ibilbidean txoko bat izateko.
Ekintza horren bidez, agerian utzi nahi izan genuen kontsumoa eta sistema ekonomiko globala emakumeen eta gorputz disidenteen aurkako indarkeriarekin eta klase, arraza eta lurraldeko desberdintasunekin lotuta daudela.




Kontsumoak desberdinkeriak iraunarazteko eta indarkeria matxistak sortzeko dituen bideei buruz gehiago jakiteko, baita berdintasuna bultzatzen duten kontsumitzeko modu alternatiboei buruz ere, gure lankide Nora Silvari Radio Euskadiko eta Radio Vitoriako Consumidores programan egin zioten elkarrizketa entzutera gonbidatzen zaitugu.
Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak
Mugimendu feministak ohartarazi duenez, desberdintasunek bere horretan diraute, eta aurten arreta jartzen dute eskuin muturraren, faxismoaren eta hainbat eremu eta sektoretako jarrera erreakzionarioen gorakadan. Ezkerreko sektore batzuetan ere agertzen dira jarrera horiek, feminismoarekin kontrakotasuna erakusten ari direnak, eta, aldi berean, diskurtso arrazistak ugaritzen ari dira.
“Aipatutako guztiak emakume*, trans eta bolleroak zapaltzen ditu batez ere, sistema zisheteropatriarkal kapitalista kolonial eta arrazista sostengatzeko ezinbestekoak diren harremanak eta ideiak sortzen eta hedatzen baitituzte”, adierazi du mugimendu feministak, eta jarrera belizistek hartutako indarraz ere ohartarazi du.
2025eko martxoaren 8a, beraz, feminismoa olatu erreakzionarioaren aurrean aldarrikatzeko eguna izan zen, eta oraingo honetan hiru zapalkuntza-ardatz nabarmendu zituen: indarkeria matxista, krisi ekosoziala eta egungo sistema arrazista eta koloniala iraunarazten duten migrazio-politikak.
“Segi dezagun aliantzak eraikitzen oldarraldiz beteriko garai hauetan. Elkartu gaitezen, saretu gaitezen herriz herri eta asanbladaz asanblada. Batu ditzagun indarrak herri eta jendarte feminista bat eraikitzera bidean”. 8M honetako manifestuak dioen bezala: “Konponbidearen parte ez bazara, arazoaren parte zara”.
Gora borroka feminista!