Euskal Herria Bizirik plataformak deitutako manifestazioarekin bat egingo du SETEM Hego Haizeak lurraren defentsan

21/Martxoa/2025 | Albisteak

Datorren martxoaren 22an Euskal Herria Bizirik plataformak deitutako manifestazioa izango da, ‘Euskal Herria ez dago salgai’ leloa kaleratzeko. SETEM Hego Haizeak bat egingo du lurraren defentsaren aldeko mugimendu eta manifestazio horrekin, eta parte hartzeko gonbitea luzatzen dizuegu herritar guztioi. Manifestazioa Gasteizen izango da, eta Bilbo Plazan hasiko da arratsaldeko 18:00etan.

Gutxi batzuen interes ekonomikoak defendatzeko aurrera eramaten ari diren politika instituzionalak salatzeko sortu da mugimendua eta manifestazioa. Politika hauek eredu ekonomiko kapitalista betikotzeko saiakera bat izatetik haratago, gizakiaren biziraupena bera zalantzan jartzear dagoen hondamendi ekologiko batera garamatzate. Aldarrikapen nagusiak hauek dira:

  • Alde batetik, Europatik etorri eta herritar guztiok zorpetu gaituzten diru partidez aprobetxatu nahi diren enpresari handiak seinalatu nahi ditugu. Enpresa hauek baitira elikagaiak, energia eta baliabide naturalak pribatizatu eta negozioa egiteko baliatuko dituztenak.
  • Bestalde, ezinbestekoa deritzogu Europatik hasi eta Frantziako, Espainiako, Nafarroako eta EAEko instituzio nagusiak jokatzen ari diren papera seinalatzea. Agente politiko hauek baitira, azken finean, enpresen irabaziak herritarron ongizatearen gainetik jartzen dituztenak.
  • Horrez gain, kapitalismo berdearen promesa faltsuetatik haratago, gaur egun bizi dugun hondamendi ekologikoari aterabidea emateko beharra aldarrikatzen dugu eta horretarako ezinbestekoa deritzogu gaur egungo eredu ekonomikoaren gaindipena ematea. Ekoizten dugun aberastasuna maila berdinean banatuko duen eredu bat garatu eta naturaren muga biofisikoen baitan antolatuko den gizarte forma bat eraiki behar ditugu.
  • Azkenik, ezin dugu salatu gabe utzi lurraren defentsaren inguruan ematen ari den kriminalizazioa. Gutxi batzuen interesei aurre egin eta lurraren defentsan lanean ari garenon aurkako jazarpena areagotzen ari den honetan, argi esan behar diegu aurrean izango gaituztela! Kriminalizaziorik ez!