Nola eragiten dute indarkeria matxistek gure aisialdi-kontsumoan?

11/Iraila/2024 | Albisteak, Indarkeria kontsumitzen dugu

SETEM Hego Haizeak Indarkeria kontsumitzen dugu? ikerketaren hirugarren fasearen emaitza aurkeztu du, indarkeria matxistek EAEko aisialdi-kontsumoan duten eragina aztertuz. Azaroan gaiari buruzko jarduera ziklo bat hasiko da: erakusketa bat, bisita gidatuak, solasaldiak, bakarrizketak eta tailerrak izango dira, besteak beste.

Indarkeria kontsumitzen dugu? SETEM Hego Haizea 2016tik ari da galdera hori mahai gainean jartzen, ohiko ekoizpen eta kontsumo ereduaren eta indarkeria matxisten artean loturarik ote dagoen egiaztatzeko.

«Hainbat ikerketatan aurkitu dugun erantzuna da kontsumoan indarkeria horiek existitzen direla, eta naturalizatu egin direla, gure jendartearen gehiengoarentzat ikusezin bihurtzeraino», azaldu du proiektuaren koordinatzaile Magda Lopez Gorritxok. «Are gehiago, barneratuta daude eta normaltzat hartzen dira».

Lehen ikerketa batean (2016) estetika, etxeko produktuak, elikadura eta hiriko mugikortasuna ikertu ondoren, bigarren ikerketan (2017) mugikorreko aplikazioak, fikziozko serieak eta energia ikertu genituen. Orain, Indarkeria kontsumitzen dugu? ikerketaren hirugarren fase bat garatu dugu, Euskal Autonomia Erkidegoko aisialdi-kontsumoan indarkeria matxisten eragina nolakoa den aztertzeko.

Joan den ekainaren 26an Bilboko Ekonopoloan Foro Ireki baten bidez jendaurrean aurkeztu ondoren, Indarkeria kontsumitzen dugu? III. fasea. Indarkeria matxistei eta kontsumoei buruz ezagutza sortzeko eta ikasteko prozesu kolektiboa dokumentuaren behin betiko bertsio eskuragarri dago irakurtzeko, deskargatzeko eta partekatzeko, bai gaztelaniaz, bai euskaraz.

Jarduera zikloa

Dokumentua aurkeztu ondoren, azarotik aurrera, hainbat hilabetez luzatuko den jarduera-ziklo bat hasiko da. Besteak beste, erakusketa parte-hartzaile eta sortzaile bat izango da, urtarrilera bitartean Gasteizko hainbat gizarte-etxetan zehar mugituko dena, 2025eko hasieran Bilbora, Donostiara eta, ziurrenik, euskal geografiako herri gehiagotara abiatu aurretik.

Gainera, Balio Faktoriaren formakuntza programazioaren barruan, azaroan eta abenduan beste jarduera batzuk izango dira ere: indarkeria matxistei eta kontsumoari buruzko solasaldia, Asaari Bibangen bakarrizketa, tailerrak, erakusketarekin lotutako bisita gidatuak, eta askoz gehiago. Laster informazio gehiago eman ahal izango dugu.

Ezagutza modu kolektiboan eraikitzen

Ikerketa-prozesua SETEM Hego Haizea erakundetik egin dugu, honako hauekin batera: Altekio (Conchi Piñeiro eta Laura Lucio González), Mugarik Gabe (Maria Viadero), Pikara Magazine (Teresa Villaverde), Tatiana Romero Reina (ikertzaile feminista independentea), Laura Modonato (aholkularitza independentea feminismoetan, migrazioetan eta garapenean), ERROTIK Cooperativa Feminista (Gisela Bianchi eta Savina Lafita); bai eta aditu gisa edo eztabaida-taldetan parte hartu duten beste pertsona askorekin ere, eta oso eskertuta gaude haiekin.

Gauza bera al dira aisialdia eta denbora librea? Deskonektatzeko denbora duzunean, zeure burua zaintzea edo besteak zaintzea lehenesten duzu? Gaizki sentitu al zara zure denbora ezer ez egiteko aprobetxatzeagatik? Zure aisialdi aukerak bikotekidearekin negoziatu behar dituzu beti? Noizbait sozializatzeko zailtasunak izan dituzu arrazoi ekonomikoengatik, emakume izateagatik, feminitatea behar bezain arautua ez ordezkatzeagatik, ama izateagatik, pertsona lodia, migratua edo arrazializatua izateagatik, edo dibertsitate funtzionala izateagatik? Aisialdi eskaintzak gure jendartearen sexu eta genero aniztasunarekin bat dator? Deseroso sentitu zara edo indarkeria fisiko, psikologiko edo sexuala jasan duzu aisialdi espazio batean?

Ikerketak planteatzen dituen galderetako batzuk dira. Horretarako, Ekintza Parte-hartzaile Feministako Ikerketaren (IAP) metodologia erabili dugu, bizipena eta esperientzia ezagutza gisa baloratzen dituena, eta ez soilik ezagutza akademikoa.

Foro Irekia eta «Indarkeria kontsumitzen dugu?» ikerketaren hirugarren fasearen aurkezpena, joan den ekainaren 26an Bilboko Ekonopoloan. Altekio eta SETEM Hego Haizeako lantaldearen argazkiak, CC-BY-SA lizentziapean.

Ikuspegi feminista intersekzionalean sakonduz

Oraingoan, ikerketa-prozesuaren ikuspegi intersekzionalean sakondu da, hau da, zapalkuntzen arteko erlazioa kontuan hartuz (sexua, generoa, arraza, etnia, gizarte-klasea, sexu-orientazioa, gaitasunak…) eta ikerketari sexu eta genero aniztasunetan oinarritutako ikuspegi dekoloniala emanez.

Datuak bildu eta erantzunak bilatzeaz gain, ikerketak alternatibak eta askapenerako proposamenak garatu ditu ere, hiru esparrutan: aldaketa pertsonalaren boteretik, indar kolektiboaren boteretik eta joko-arauak aldatzeko boteretik.

Errotik kooperatiba feministarekin elkarlanean garatutako landa-lana hiru formatutan oinarritu da nagusiki:

  • Kalean egindako inkestak, 446 pertsonarekin eta EAEko hiru lurraldetan:
    • %69 zis emakumeak.
    • %28 zis gizonak.
    • %3 pertsona ez-bitarrak.
  • Hiru eztabaida-talde emakume eta pertsona ez-bitarrekin:
    • Zortzi pertsona arrazializatu edota migratuak.
    • 27 urtetik gorako zortzi pertsona.
    • 27 urtetik beherako bederatzi pertsona.
  • Elkarrizketa sakonak zapalkuntza-ardatzaren arabera, bost emakume aditurekin:
    • Ana M. Poveda Boj, EHGAM Gorbeialdea+ (sexu eta genero aniztasunaren ardatza).
    • Zaira García Dafonte, aholkularia feminismoetan eta LGTBI+ gaietan (sexu eta genero aniztasunaren ardatza).
    • Itxi Guerra, aktibista antikapazitista (dibertsitate funtzionalaren ardatza).
    • Mónica Gortayre, aktibista feminista antirrazista (arrazializazioaren eta migrazio-prozesuen ardatza).
    • Matxalen Legarreta-Iza, Euskal Herriko Unibertsitatea UPV/ EHU (zaintzen eta denboraren erabileraren ardatza).