«Banka armatua desarmatuz» bideo-erreportajea aurkezten dugu

30/Uztaila/2020 | Albisteak

SETEM Hego Haizeatik «Banka armatua desarmatuz» bideo-erreportajea aurkezten dugu. 22 minutuko iraupeneko lana da, non kolektibo ezberdinetako hainbat pertsonak beren ezagutzaren ekarpena egin duten, zehazki, bankuek gure aurrezkiekin zer egiten duten azaldu dute. Horrez gain, finantzen sektorearen eta Espainiako armen industriaren arteko lotura nolakoa den aztertu da.

«Gerraren negozioa ezingo litzake aurrera eraman banka arruntaren finantzaziorik gabe», baieztatu du Iratxe Arteagoitia gure lankideak. Donostian egin genituen «Banka armatua armagabetzen» jardunaldiei esker eginiko bideo horretan, banka tradizionalak armagintzako enpresetan egiten duten inbertsioa salatu dugu, gure inguruan abian jarri diren banka etikoko ordezko aukerak ezagutu ditugu eta herritarrok banaka zein taldeka erabil ditzakegun zenbait tresna aztertu ditugu.

Zer bankuk finantzatzen dituzte armak? Armarik ekoizten al da Euskal Herrian? Munduko arma-potentzia al da Espainia? Zer urratze dakar harreman horrek? Nola eragiten die emakumeei?

Erantzun horiei eta beste batzuei erantzuteko, hainbat pertsonarekin eta kolektiborekin elkarrizketatu gara, hala nola hauekin: Jordi Calvo (Campaña Banca Armada – Banka Armatua Kanpaina), Tica Font (Centre Delàs d’Estudis per la Pau), Gasteizkoak, Zuriñe Rodríguez (Sudergintza Elkartea), Irungo Harrera Sarea, Jorge Berezo (OikoCredit Euskadi), Sebas Gutteridge (FIARE), Emakumeok Gerraren Aurka, Bake Ekintza Antimilitarista eta Hondurasko emakume bat, emakumeen eskubideak babesten dituena.

«Banka armatua desarmatuz» jardunaldiak SETEM Hego Haizearen eta Bake Ekintza Antimilitarista nahiz Finantza Etikoak elkarteen ekimenez antolatu dira, eta Donostiako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren zein Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren finantzazioa jaso zuen. Donostiarrekin batera gogoetarako espazio bat sortzea zuen helburu, finantzek eta gatazka armatuek nahiz beren ondorioek dituzten loturari buruz, bai eta gure inguruan erabilgarri ditugun ordezko aukerei buruz ere.