A25ean indarkeria matxistaren aurkako mobilizazioekin bat egin eta kontsumo eredua kritikatuko dugu

25/Azaroa/2021 | Albisteak

Beste urte batez azaroaren 25ean kaleratzeko deia egin die emakumeei Euskal Herriko Mugimendu Feministak, indarkeria matxistarik gabeko bizitzak bizi nahi ditugula oihukatzeko. SETEM Hego Haizeak bat egingo du manifestazioekin eta prest gaude manifestazioetara ateratzeko.

Urtero bezala, hainbat ekintza abiatu ditugu SETEMetik indarkeria matxisten salaketa eta zentzugabeko kontsumismoa lotzen diren hilabetean, hain zuzen ere, azaroan. Fabricando Mujeres dokumentalaren proiekzioak burutu ditugu Gasteizen, Elgoibarren, Santurtzin, Oñatin… eta Indarkeria kontsumitzen dugu? tailerra izango dugu Erandion.

Hona hemen Euskal Herriko Mugimendu Feministaren deialdia:

Azaroak 25. Feministok borrokarako eguna dugu honakoa!
Aurten, indarkeria matxistarik gabeko bizitzak orain! diogu eta autodefentsa feminista antolatu baten aldeko aldarria berhartzen dugu gure bizitzak defendatzeko!

Azaroaren 25ean kaleak eta plazak hartzera animatzen ditugu emakumeak, trans eta bollerak.
Euskal Herri feminista, antikapitalista eta antiarrazista eraikitzera goaz!
GORA BORROKA FEMINISTA!

Black Friday: Indarkeria kontsumitzen dugu?

Multinazional handiek, eta gero eta gehiago online salmentaren bidez, ikaragarrizko gaitasuna dute edozein artikuluren erosketa zentzugabeko eran erosarazteko, ahalik eta modurik errazenean. Oso erraza da botoi pare bat sakatzea, eta ez dago arrazoitu beharrik erosketa bat egiteko. Eta askoz gehiago Black Friday egunean, emakumeen aurkako indarkeriak salatzen den ondoko egunean abiatzen dena. SETEMek kontsumo kontziente bat eskatzen jarraitzen du.

Erosterakoan egin beharreko galderetako bat da «Indarkeria kontsumitzen dugu?». Zehazki, indarkeria matxistak, mundu osoan salatzen direnak azaroaren 25ean, Black Friday egunaren bezperan. Izan ere, kontsumo kapitalista genero-balio eta -estereotipoen hedapenean oinarritzen da, eta, horretarako, marketin-kanpaina gisa aitortzen dira, eta ez indarkeria gisa.

Beraz, kontsumo konbentzionala eta indarkeria matxistak elkarri eskua ematen dioten egun honetan, SETEMek gogoeta egitera eta kontsumo-alternatiba eraldatzaileak eraikitzera gonbidatzen du, hala nola Bidezko Merkataritza eta Ekonomia Solidarioa. Fabricando Mujeres dokumentalarekin horretan sakontzera animatzen dugu, azaroaren 25eko emakumeen aurkako indarkeria salatzeko manifestazioetan parte hartzera eta Black Friday edo Erosketarik Gabeko Egun honetan ez kontsumitzera.

SETEM Catalunyak abiatutako salaketa ekintza Black Friday-n