Irailaren 5etik 9ra burutu zen ZarenSare-EnRedando sarearen IV. Topaketa. Oraingo honentan Medellin hiri kolonbiarra izan zuen hartzaile, non Penca de Sábila eta Mujeres Que Crean tokiko korporazioak harrera egin zuten. Jatorri desberdinetako erakundeak elkartu ginen: Euskaditik SETEM, Basauriko Mujeres en la Diversidad, Mujeres de Aquí y de Allá eta Sagarrak, eta Gipuzkoatik Elkar Hezi eta Beizama Bizia. Mujeres Transformando eta Redes Salvadorretik, eta Txiapasetik Kinal Antsetik joan ziren.
Erakunde guzti horiek ZarenSare sareko kide batzuk gara. Sarea, desazkundean, barne-hartzean eta feminismoan oinarritutako garapen baterantz ibiltzeko tresna bezala. Aipatutako esparruak lantzeaz gain, geunden lekuak bake prozesu kolonbiarraz aritzera bultzatu gintuen, eta gai horrek ere bere tartea izan zuen.
Sarearen hemendik aurrerako norabidea eta lan arloak argitzea izan zen topaketaren xedea. Eta indarkeria matxistak eta kontsumoaren arteko lotura ikertzeko eta salatzeko prozesu kolektiboarekin jarraitzea izan zen erabakia. Izan ere, 2017 urtean elkarte guztion artean prestatutako ekimena aterako dugu, gauden lurralde guztietan, kontsumo kontziente, arduratsu eta eraldatzailea sustatzailetzat hartuta. Ildo horretan ere, erakunde bakoitzak Indarkeria kontsumitzen dugu? ikerketa kolektiboa ezagutarazteko jarduerak abiatuko ditugula adostu genuen.
Aldi berean, Penca de Sábila-ren eskutik Colyflor lokalaren egitasmoa bisitatu genuen. Bertan zonaldeko produktu agroekologikoak kudeatu eta saltzen dituzte. Eta topaketa amaitu baino lehen, Indarkeria kontsumitzen dugu? azterlana aurkeztu genuen Medellingo jendetza baten aurrean.
Aurreko topaketetan bezala, ondorio orokorra oso baikorra izan zen, baina oraingoan ZarenSare-EnRedando sarearen funtzionamenduarekin nahiko errotuta izanda. Egun aberats honetan argi ikusi genuen, eztabaida guztien gainetik baina aldi berean eztabaida horiei guztiei esker, zein helburu jorratuko dugun: eraldaketa soziala bultzatuko dugula ikuspuntu feministak eskaintzen dituen praktiken bitartez. Horrela, kontzientzia-aldaketa eta praktika eraldatzaileak bideratuko ditugu kulturen eta herrien arteko harremana zuzenagoa eta begirunetsuagoa lortzeko.
