Finantzaz haratago

16/Urria/2017 | Noticia

Lehen Hezkuntzako bigarren zikloan eta Bigarren Hezkuntzan barneratu da finantzen gaineko oinarrizko hezkuntza. ELGE erakundeak eta Europako Batzordeak hezkuntza finantzarioaren beharrizana zegoela adierazi zuten 2005 eta 2007 urteen bitartean, eta premia hori eskolan hasten dela azaldu zuten. 2008. urtean, finantza-hezkuntzako lehen plana egin zuten Espainiako Bankuak eta Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak, eta gaiaren edukiak proposatu zituen plan horrek. Horrekin batera, beren finantza-hezkuntzako programa propioak lantzen eta ikastetxeetan irakasten hasi ziren banketxe tradizionalak.

Europako Batzordeak adierazten du eskolan erakusten den finantza-hezkuntzaren xedea dela <<eguneroko bizitzan finantza-erabaki informatu eta zentzudunak hartzeko jakintzak eta balioak erakustea ikasleei, eta ikasleak prestatzea bizitzan zehar izango dituzten finantza-erronka oinarrizkoei aurre egiteko>>.

Finantzek erabakiko dute, neurri handi batean, nolakoa izango den gizartearen eredua. 2008ko irailean, XXI. mendeko lehen krisi ekonomiko eta finantzarioa abiatu zenean, gogoeta-prozesu kolektibo bat bistaratu zen, finantza- eta banku-eragiketen ondorio pertsonal, sozial eta etikoen gainean.

Finantza etiko eta bankuz kanpokoen bidez, ekonomia solidarioak erantzun bat eman nahi dio sistema kapitalistaren egiturazko ekitate-gabeziari, kreditua eskuratzeko eskubidea bermatu nahi du, eta eragin sozial onuragarriko proiektuetara bidatzen ditu aurrezkiak.

Finantza etikoak edo bankuz kanpoko finantzak sustatzen edo esparru horretan lan egiten dugun zenbait erakundek, hala nola Fiare, Mugarik gabeko Ekonomialariak, SETEM Hego Haizea, Oikocredit, Elkarcredit edo Koop 57 erakundeek, Finantza Hezkuntzaren gaineko gogoeta bat, gure ikuspegitik egindakoa, bultzatu nahi izan dugu, Donostiako Udalaren laguntzarekin.

Era  berean, Gizarte Eraldaketarako Hezkuntza lantzen dugun erakundeak garen aldetik, herritartasun globalaren kontzientzia indartu nahi dugu eta tokian tokiko proposamen alternatiboak sustatu nahi ditugu, hala nola finantza etikoak eta bankuez kanpokoak, giza garapen jasangarria bultzatzeko.

Egindako prozesua sistematizatzen du dokumentu honek, edukiak biltzen ditu eta parte hartu duten eta/edo kontsultatu diren pertsonen  eta erakundeen ekarpenak ikusarazten ditu, gogoeta partekatu bat pizteko, debatean sakontzera gonbidatzeko, eta hezkuntza-curriculumaren prestakuntza-edukietan eta horren guztiaren atzean dagoen eredu ekonomikoan eragiteko.

Dokumentua ESTEKA HONETAN duzu eskuragarri.

Lanaren koordinazioa eta edukien sistematizazioa Farapi Koop. Elkarteak egin du.

Egileak:

Iratxe Arteagagoitia (SETEM Hego Haizea)
Laura Ruiz Álvarez (Mugarik Gabeko Ekonomialariak)
Manolo Vilabrille (Oikocredit)
Ricardo Usategui Uriarte (Elkarcredit)
Saioa Bacigalupe (FIARE proiektua babesteko elkartea)