Gasteizek Bidezko Merkataritzaren Mundu Egunarekin bat egingo du datorren ostegunean, maiatzak 11, “Bidezko merkataritza gara, eta zu?” lelopean. Jarduera-programa zabala prestatu dute SETEM, Bide Bidean, Medicusmundi Araba, Manos Unidas, Serso eta SalburuKoLore elkarteek, Gasteizko udalaren babesarekin. Jardunaldi honen bidez Bidezko Merkataritzako elkarteek munduko pobrezia eta desparekotasunen aurka borrokan diharduen nazioarteko mugimendu honetara batzeko deia egin nahi diete herritarrei, bestelako printzipioetan oinarritutako merkataritza ereduaren alde, non lan-baldintza duinak bermatzea, emakumeen eta gizonen arteko soldata-berdintasuna ziurtatzea, haurren esplotazioa baztertzea eta ingurumena babestea diren ardatz nagusiak.
Beste urte batez, bidezko merkataritzako pintxo-ibilbide tradizionalaz gozatzeko aukera izango da Gasteizen. Horretan, 14 establezimenduk hartuko dute parte Akelarre Txarangaren kalejirak lagunduta, eta eguerdiko 12:30etatik arratsaldeko 16:30etara bitartean garatuko da. Gainera, bidezko merkataritzako pintxoak dastatzera animatzen direnek produktu-saski baten zozketan parte hartu ahalko dute.
Arratsaldean, 19:00etatik 21:00etara, Falerina Tabernan jarraituko du ospakizunak, Machines eta Txaokari taldeek emango duten kontzertu bikoitzarekin. Bidezko merkataritzako produktu-saskiaren zozketa hor bertan egingo da 19:45ean. Gainera, egun osoan zehar informazioa emateko eta bidezko merkataritzako produktuak saltzeko postu bat egongo da.
Igandean, maiatzak 12, ospakizuna Salburura mugituko da, “Salburuko Alternatibaren Azoka” antolatu baitute bertan 11:00etatik 15:00etara. Azoka horretan, bidezko merkataritzako produktuak erosteko aukera izatez gain, hitzaldiak entzun, dantza afrikarrez gozatu eta lantegietan parte hartu ahalko dute gasteiztarrek. San Mateo parrokian ere bidezko merkataritzako produktuak izango dituzte salgai egun horretan.
Gasteiz ospakizun horretara batzea erabaki duen udalerri bakarra. Larunbatean, maiatzak 11, Alegria-Dulantzin bidezko merkataritzako produktuak saltzeko gunea antolatuko dute; Araian maiatzaren 19an egingo dute, eta Laudion, maiatzaren 26an (igandea). Azken horretan, gainera, haurrentzako lantegiak eta jarduerak egingo dira, esaterako, txapa-lantegi bat.
Deskargatu HEMEN Bidezko Merkataritzaren Mundu Eguneko programazioa Gasteizen.