ZarenSare-EnRedando Sarearen III. topaketa: Guardetxea

11/Otsaila/2015 | Noticia

Urtarrilaren 31n Donostiako Guardetxean ZarenSare-EnRedando Sarearen III. topaketa izan genuen. Sare honen barruan elkarte hauek guztiak gaude: REDES Fundazioa, Pozokoetxe auzo elkartea, Margotu, Equipare Kooperatiba, Mujeres en la Diversidad, Sagarrak elkarte ekologista, Bandabat elkarte kulturala, Penca de Sábila konporazioa eta SETEM Hego Haizea.

Topaketa hau Guardetxean egin genuen, Donostiako Alde Zaharrean, kulturaren elkartrukaketarako espazio libre ezin hobean. Kalean eguraldi txarra egin arren, barruan giro beroa izan genuen jardunaldi parte-hartzaile honi eusteko.

Elkarte guztiok erronka handi bati egin behar genion aurre, topaketaren helburua Sarearen ekintzak, helburu politikoak eta funtzionamendua zehaztea baitzen. Horregatik, intentsitate osoz landu genituen urrats guztiak.

Conchi Piñeiro, Altekio elkartearen kideak jardunaldia ondo baino hobeto gidatu zuen. Goizez eta hasteko, bertan geunden guztion artean elkar ezagutzeko dinamika egin genuen. Ondoren, talde-lanetan banandu ginen helburu politikoak zehaztu ahal izateko. Bazkaldu eta gero, sarearen funtzionamenduari ekin genion eta goizean eztabaidatutako ekintzak adostu genituen.

Jardunaldiaren bukaera, Banda Bat elkarteko kideek oparitu ziguten. Alde batetik, Kultura librearen alde egindako lana kontatuz eta, beste aldetik, haien tailerretan sortutako antzezlana erakutsiz. Tela akrobatikoaren tailerrak landutako antzezlana estreinatu zuen, Akelarre izenekoa, K22 musika taldearen kontzertuarekin.

Egun aberats honetan argi ikusi genuen, eztabaida guztien gainetik baina aldi berean eztabaida horiei guztiei esker, zein helburu jorratuko dugun: Eraldaketa soziala bultzatuko dugula ikuspuntu feministak eskaintzen dituen praktiken bitartez. Horrela, kontzientzia-aldaketa eta praktika eraldatzaileak bideratuko ditugu kulturen eta herrien arteko harremana zuzenagoa eta begirunetsuagoa lortzeko.

ZARENSARE-ENREDANDO sarearen manifestua ikusi ahal baduzu. KLICKA HEMEN