Joan den urriaren 21ean, ZarenSare-EnRedando sarearen V. Topaketa izan zen. Oraingoan Beizaman (Gipuzkoa) bildu ginen, eta lehen aldiz izan genituen gurekin Ekuadorreko Maquita eta Guatemalako Mujeres de AFEDES antolakundeak. Horiez gain, hauek ere bertaratu ginen: Beizama Bizia, Mujeres Que Crean, REDES, Penca de Sábila, Mujeres Transformando, Kinal Antsetik, Sagarrak, Emakumeak Aniztasunean, Hemengo eta Hango Emakumeak eta SETEM Hego Haizea.
Beizama Biziak goiza dinamizatu eta gero, aldare bat osatu genuen, antolakundea ordezkatzen zuen gauza sinboliko banarekin. Oso jarduera interesgarria izan zen, eta nabarmendu beharrekoak dira antolakunde bakoitzeko parte-hartzaileek azaldu zituzten askotariko ikuspegiak.
Aurrerago joanda, antolakunde bakoitzaren “zintzotasun-ariketa” nabarmentzen dugu; haren helburua zen zerk funtzionatzen duen eta zerk ez ikustea, sentitzea, aztertzea, azken batean, sareak ordura arte hartutako konpromisoen inguruan gogoeta egitea.
Topaketaren bigarren egunean, goizari hasiera emateko, antolakundeetako batzuek sorturiko bideoak ikusi genituen, ZarenSareren proposamenaren inguruan eginikoak, kontsumoan dauden indarkeria matxisten ardatza bereziki kontuan hartuz. Eta Penca de Sábilak dinamizatu zuen ariketa baten ondoren, jarduera-proposamen batzuk eta parte-hartzearen zein funtzionamenduaren arloko gutxieneko batzuk adostu genituen sarerako.
Azkenik, ZarenSareren jarduera-plan bat prestatu genuen, toki-mailakoa zein maila globalekoa, erabiltzen hasiko garen kanpo-komunikazioko kanalei buruzko debatea berrartuta. Aurki izango ditugu horri buruzko berriak…
Beti bezala, topaketa honek oso ahogozo ona utzi zigun, antolakunde batzuek zein besteek dituzten ikuspuntuak apur bat gehiago ezagutzen genituela. Eta esperientzia aberasgarri honen ondoren, hurrengo topaketara arte agurtu genuen elkar. Mexikon egitekoa da, hain zuzen.
– ZarenSare-EnRedando sarea zer den jakiteko klikatu HEMEN