Arropa Garbia Kanpainak (SETEMek koordinatuta estatu mailan) antolatuta, Soldata Duina Orain Foroa urriaren 12tik 14ra egingo da, Bruselan, eta arduradun politikoei eta markei exijituko die hitzetatik ekintzetara pasa daitezela. Mundu osoko langileen dozenaka ordezkarik (Bangladesh, Kanbodia, Indonesia, India, Sri Lanka, Haiti, Turkia, Georgia, Kroazia, Salvador) parte hartuko ekitaldian, beren bizipenak eta esperientziak komunean jartzeko, hainbat markaren arduradunekin (Inditex, Primark, C&A, New Look, Pentland, N’Brown, Tchibo, Pentland), Europako arduradun politikoekin, adituekin eta langileen eskubideen aldeko erakundeetako kideekin batera, eta jantzigintzaren sektorean lan egiten duten pertsona guztientzat soldata duina egia bihurtzea lortzeko moduari buruz eztabaidatzeko elkartuko dira.
Ekitaldiaren asmoa da soldata duinaren gaian lan egiteko konpromisoa eta asmoa erakutsi dituzten arren orain arte urrats argirik egin ez dutenekin lan egitea. Horrenbestez, topaketa honen xedea da hitzetatik eta pauso argiak emateko asmoetatik ekintzetara pasatzea, jantzigintzaren sektoreko langileen soldatetan benetako eragina duten konpromiso zehatzetarantz aurrera egiteko.
ZERGATIK?
Soldata duina izateko eskubidea Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 23. artikuluan jasota dago. Hala ere, jantzigintzaren sektoreko hornidura-kateetan, oinarrizko eskubide hori ez da errespetatzen. Sektore honetan, soldaten zenbatekoa soldata duin baten % 20 eta % 50 artekoa baino ez da. Horregatik, langileek (sarritan 20 eta 30 urte arteko emakumeak dira) nahitaez egin behar dituzte ordu estrak beren diru-sarrera urriak areagotzeko, eta gainera, ezin diote lan egiteari uko egin, ezta baldintzak seguruak ez direnean ere. Bangladesheko jantzigintzaren sektoreko langile batek, esaterako, astean 6 egunez 22 orduz egin beharko luke lan soldata duin bat irabazteko.
Arropa Garbia Kanpainak beti eman die bere babesa jantzigintzaren sektoreko langileei, markek beren arropa egiten duten pertsonen egoeraren erantzukizuna onar dezatela lortzeko egiten duten borrokan. Eta ez dugu laguntzarik gabe egin. Ia 120.000 europarrek sinatu dute Soldata Duina Orain Eskaera, markei eta gobernuei eskatzeko luzamenduak utz ditzatela eta ordaintzen has daitezela. Aurrerapen batzuk lortzen ari diren arren, aldaketa ez da behar bezain azkar lortzen ari.
Soldata Duina Orain Foroan jendearen arreta handiagoa erakarriko duten une batzuk izango dira Soldata Duina Orain Eskaera milaka sinadurarekin entregatuko den unea, The True Cost dokumentalaren proiekzioa eta Soldata Duina Orain Festa.
Oraindik egin ez baduzu, zuk ere Soldata Duinak Kanpaina babes dezakezu, zure sinadura emanez hemen.