SETEMek zure errealitatea marraztera gonbidatzen zaitu

05/Martxoa/2013 | Noticia

SETEM Hego Haizeak bere prestakuntza-eskaintza martxan jartzeko sentsibilizazio-kanpaina abian jarri du “Errealitatea aldatzeko ikastaroak. Zure esku dago” leloarekin. SETEM ziur dago keinu txikiei esker aldaketa handiak lor daitezkeela, bereziki egungoa bezalako egoera soziopolitikoan, pertsona asko errealitatea beste modu batera ikusi nahian daude eta. Bada, SETEMek prestakuntza pertsonalki hazten laguntzen digun eta mundu osoaren aldaketa sustatzen duen prozesu bat bezala ikusten du.

Aurtengo nobedade nagusia da marrazki-lehiaketa birtuala egongo dela. www.transformateconsetem.org web orrira sartuz, internautek marrazteko aplikazio bat aurkituko dute, hiru txantiloirekin, eta, txantiloi horietan, saguarekin marraz dezakete beren errealitate propioa. Lehiaketa martxoko hil osoan zehar egingo da, eta saria “KONTSUMO KONTZIENTEA, ARDURATSUA ETA ERALDATZAILEA” online ikastarorako doako toki bat izango da.

Kanpainaren abiarazpenarekin batera, SETEMek eskaintzen dituen ikastaroetako batean izena emateko epea hasi da: “KONTSUMO KONTZIENTEA, ARDURATSUA ETA ERALDATZAILEA” online ikastarokoa, alegia. Garapen-eredu neoliberalaren alternatiba teoriko eta praktikoetan sakontzeko on-line prestakuntza da. Ikastaro honetan, kontsumo kritikoaren eta eraldatzailearen bidez aldaketak lortzeko ikaskuntzak eta hausnarketak eskaintzen ditu SETEMek. Gainera, errealitateak aztertuko dira, diskurtsoak, ekimenak eta mugimenduak ezagutuko dira, eta, ororen gainetik, benetako eta hurbileko alternatibak planteatuko dira. Interesdunek martxoan eman dezakete izena ikastaroan, eta apirilaren bigarren astean hasiko da. 68 ordu izango ditu guztira (60 online eta 8 presentzial) maila altuko irakasleekin, hala nola hauekin: Carlos Ballesteros (Comillasko Universidad Pontificiako irakaslea eta kontsumo arduratsuaren arloko aditua), César Quintero (nekazaritza-ingeniaria, Penca de Sábilak sustatutako —Setemen elkartekidea da Kolonbian— Colyflor bidezko merkataritzako ekimenaren nekazaritza-arduraduna), Rakel Oión (UPV/EHUko irakaslea eta Zentzuz Kontsumitu proiektuaren koordinatzaile ohia), Jordi Calvo (Kataluniako ekonomialaria eta gizarte-mugimenduen, bakearen kulturaren eta armagintzaren inguruko ikerlaria. Justicia i Pau-ren kidea) eta Mikel Kormenzana (baserritarra eta EHNE Bizkaia elkarteko kidea).

Baina hori hasiera baino ez da, urte erdi barru SETEMek beste bi ikastaro egingo baititu, Hegoaldeko herrialdeetako auzolandegietara bidaiatzeko aukerarekin. Irailean, berriz, GARAPENERAKO LANKIDETZARAKO ESTRATEGIAK jarriko da martxan (presentziala). 90 orduko ikastaro horretan, hainbat arlotan garapenaren lankidetzaren inguruan egin diren planteamendu berrietan sakontzen da: giza eskubideak, genero-berdintasuna, garapenerako hezkuntza, kontsumo arduratsua eta bidezko merkataritza, osasuna eta garapena. Ikastaro hau Gasteizen bakarrik egingo da. Izena emateko epea: 2013ko ekaina-iraila.

SETEMek 2013an eskainiko duen prestakuntza HEGOALDEKO HERRIEN ERREALITATEA ikastaroarekin bukatuko da (presentziala). Elkartasunari eta garapenerako lankidetzari buruzko oinarrizko prestakuntza-ikastaroa da. Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko harremanen gaineko ezagutza eta sentsibilitatea areagotzeko helburua du. Ikastaroa bukatu ondoren, ikasleek udan auzolandegietara bidaiatu ahalko dute Hegoaldeko herrialderen batera. Izena emateko epea: 2013 iraila-urria.